Atzo gauean 9 gradu eskax genituela, Gurutze Gorriak Irungo Arretxegainan (Hilanderas kalea) kudeatzen duen migratzaileei aterpe emateko dispositiboan Boli Kostako mutil bat kale gorrian utzi zuen berriz ere. “Italiatik sartu zelako”, ez zituen bertan aterpe hartzeko irizpideak betetzen. Eta Harrera Sareko kideen “muturren aurrean” kanporatu zuten, “begia handitua, 6 graduko sentsazio termikoa eta euria erruz ari zuela”, kexu da Josune Mendigutxia Gautxoriko bolondresa. Ez du ahazten urrian 23 migrante izan direla kale gorrian utzi dituztenak, baina kasu hontan, begia handitua zuen eta mediku beharretan zen mutila. Halere, haren pista galdu egin zuten Harrera Sarekoek kalean lo egin zezan oihal-dendaren bila joan eta itzuli zirenerako. Desagertu egin da.
Bistan denez, “Europan sartzeko oztopo da migratzaileen jatorria, baina behin Europan daudela, nondik sartu diren ere haien eskubideak murrizteko baldintza da”.
Muga nola edo hala trebeskatu
Atzokoan, 33 migratzaile iritsi ziren Irunera. 17 emakume eta 16 gizon. Denek dute Baionara heltzeko helburu hurbila. Baina mugetako kontrol zorrotzen ondorioz bide alternatiboak bilatzera behartuak ikusten dira. “Egoera irregularra dute, bainadituzten eskubideetaz, eta bidea jarraitzeko aukera ezberdinetaz” informatzen die goizero-goizero Ion Aranguren sareko bolondresak San Juan plazan. “Muga kontrolatu dezakete, baina hau zorrozteak haien sufrimendua handitzea besterik ez dakar, fenomeno migratorioa ez baitu ez Mediterraneoak, ez Atlantikoak gelditu, eta hare gutxiago Bidasoak edo polizia kontrolek”, iragartzen du. Berarekin ere hitz egin dugu plazan topatzen duten errealitateaz.