2017an Abotsanitz udal taldeak proposatu ondoren, Hondarribiako Udalak hiriko mugikortasunaren etorkizuna eta erronkak aztertu, eztabaidatu eta erabakitzeko Mugikortasun Mahaia abian jarri zuenetik, 22. batzarra izan zen atzokoa (pandemia garaiko Zoom bidezko bilerak barne). Itsas Etxean egitea erabaki zuen Udalak jakinik 60 bat eragilek eta herritarrek izena emana zutela. Izan ere, Portua proiektuari buruz eztabaidatu eta ekarpenak egiteko deialdia egina zuen Udalak "monografiko" gisa.
Urria hasieran Udalak Portuan astebetez plantan emandako neurriak eta trafikoaren berrantolaketak piztutako haserrearen ondotik, eta merkatariekin bildu eta gero, atzoko batzar horretan argitu bitartean "parentesi" bat egitea erabaki zuen Udalak neurriak bertan behera utzita.
Orain, aldiz, mugikortasun jasangarriaren baitan, "berandu baino lehen egin beharreko aldaketak, adostasunetik egiteko", herritarren partehartzea bultzatu nahi du Udalak. "Ehuneko ehunean zaila izango da, baina ahal den adostasun maila handiena bilatu nahi digu", esan du Kalixa Silanes, Ingurumeneko zinegotziak. Hala, Mugikortasun Mahaian 100 lagun inguru bildu eta gero, herritarren partehartzea eskertu eta "behar izanez gero" bilera gehiago egingo dituztela iragarri dute udal ordezkariek.