Irungo Kurpil Kirolak elkarteak bere 77. urtemugaren ospakizunak probestuko ditu Aimar Olaizola omentzeko. 24 urte eman ditu Olaizolak profesional mailan eta jokatutako 26 finaletan 14 txapela jantzi ditu. 1.300 partida baino gehiago jokatu ondoan Hondarribiako Jostaldin eman zituen bere azken pilotakadak irailaren 12an.
Kurpil Kirolak elkartearekin ere harreman estua izan du beti, eta San Pedro eta San Martzialetako Jaialdian izandu da urtero Urantzu frontoian. Hargatik guztiagatik, omenaldia prestatu diote.
Ospakizuna azaroaren 6an 13:00etan hasiko da, Kurpiletik Uranzu frontoira joango dira lehendabizi. Han dantzariak eta txistulariak egongo dira eta beraiekin batera, Kurpilera bueltatuko dira. Dantzariek aurresku bat dantzatuko diote Aimarri Kurpileko atean. Eta gero, bazkaria egingo dute elkartean bertan.