Konzientizazioaz haratago, indarkeria matxistaren biktimak laguntzeko tresnak eskaini nahi ditu Bagerak

Antxeta Irratia 2021ko aza. 4a, 00:00

Hendaiako Bagera elkarte feministak Azaroaren 25eko 'Emazteenganako Indarkeriaren Kontrako Eguna' dela eta, sentsibilizazio eta formakuntza ekimen ezberdinak antolatu ditu “Indarkeria sexista elgarrekin geldi dezagun” lelopean. Hilaren 16tik 26ra hitzordu ezberdinak proposatuko dituzte.

Haien artean, azaroaren 26an bertan 35 lagunentzako autodefentsa tailerra Denentzat Sozial Zentroan. Edota azaroaren 23an Varietes zinemagelan izango den “Je m’ appelle Bagdad” filmaren proiekzio eta solasaldia.

Baina sentsibilizazio ekimenetatik haratago, azaroaren 16an, Zokoburuko Antton Abadia aretoan, Euskal Kostaldeko Ospitaleko Biktimologia Unitatearen eskutik, "indarkeria matxista identifikatzeko eta biktimak laguntzeko formakuntza saioa" antolatu dute. 14:00etatik 17:00etara, osagarri zerbitzuetako profesionalentzat, bai eta harrera lanetan zein irakaskuntzakoei zuzendutakoa da, baina indarkeria matxistaren kontrako tresnak eskuratu nahi dituen orori idekia da.

Bestalde, azaroaren 20tik 26ra Hendaiako okindegietan, ogia paperezko xorro berezi batekin eskuratzen ahalko duzute. Alde batetik, biolentometro bat izango du, "jarrera sexisten maila neurtzeko", eta bestetik, intereseko telefono guztiak elebitan.