Hendaiako elkarteak urtero antolatu ohi dituen ‘Baleakeko solasaldiak’ ekimenean, azaroa eta abenduko ostegun guziz gatazka eta memoriari buruzko mintzaldi bana proposatzen ditu. Sei hizlari eta sei ikuspuntu ezberdin ezagutu ahalko dira. Pandemia hasi aitzin antolatutako Baleakeko Solasaldien dinamika azkartu nahian dabil ikasturte honetan. Egoerak behartutako geldialdiaren ondotik, irailan Joseba Aurkenerenaren eskutik ‘Itsasoa eta euskaldunak’ mintzaldia antolatu zuten, eta urrian Pasaiako Albaolako sortzaile eta arduradun Xabier Agote gonbidatu zuten San Juan baleontziaren proiektua aurkezteko. Oraingo honetan, ‘Gatazka eta Memoria’ zikloari ekingo diote azaroaren 4tik abenduaren 9ra bitarteko sei ostegunetan.
Euskal gatazka aztergai
Solasaldi guztiak 18:30etan izango dira, eta euskal gatazka izango dute aztergai, ikuspegi desberdinetatik aztertua. Abiatzeko, Emilio Lopez Adan ‘Beltza’ gonbidatu dute solsaldiarekin gatazka kontatzeko moduaren inguruan solastatzeko. Lopez Adanek aurten 'Borroka armatuaren historia Euskadin. 1967-2011' lan mardula argitaratu berri du, gatazka armatuaren ekintzak zerrendatu eta bakoitzaren dokumentazioa eta informazioa bilduz. Guztira 1.300 bat hildako aztertzen dira liburuan, horietatik 842 euskal erakunde armatuek zuzenki edo zeharka eragindakoak, eta gainerakoak segurtasun indarrek edo indar parapolizialek. Egindako lanaren berri eman eta gatazka nola kontatu behar den baino, nola ez den kontatu behar azalduko du.
Hurrengo asteetan, aldiz, Jon Alonsok idatziriko “Naparra: kasu irekia” aztertuko dute, edota “Memoria haurtzaroko bizipenetatik” Ainara Lasak proposatuko duen atzerabegirakoa. Enekoitz Esnaola kazetaria izango da azaroko azkena, “Gatazka politikoa, etika eta memoria” solasaldiarekin. Abenduan, aldiz, beste bi gonbidatu iragango dira Baleak elkartetik. Euskal Herriko historia garaikidearen errelatoa lehen pertsonan konta dezakeen Joxe Iriarte ‘Bikila’-k, “Eman zesarri zesarrena. Biolentziaren inguruko ‘errelatoaz’ zenbait burutazio” solasaldia. Eta hitzekin hasiko den zikloa, irudiekin bururatuko dute, abenduaren 9an, Ander Gilleneak proposatuko duen “Gure historiaren pasarteak” argazki proiekzioarekin.