Oiasso Erromatar Museoa FICAB (Bidasoko Nazioarteko Zinemaldi Arkeologikoa) prestatzen ari da. Azaroaren 15etik 20ra ospatuko da, eta egitaraua azaroaren 8an argitaratuko badute ere, atariko gisa, jasotako 67 film eta dokumentaletatik, hautatutako 27 zintak egundoko maila dutela iragarri dute antolatzaileek. Iran, Georgia, Errusia, Costa Rica edo Poloniakoak ez ezik, hautatutako 27 zinten artean, Frantziakoak, Italiakoak eta Espainiakoak dira gehienak. Museoko kide Jokin Lanzek iragarri duenez, gai anitzak jorratzen dituzten lanak bildu dituzte: "Irekiera egunean Siriako guduan bertako museo batek zer nola egin zuen piezak guduaz babesteko lantzen duena, Galiziako Sueboen erreinua, itsaspeko arkeologia, edota klasikoak diren homo sapiensa eta Egiptori buruzkoak".
Jarduerak Amaia KZn, Donostiako Aquariumean eta Oiasso Museoan bertan, baita Orona Fundazioaren egoitzan ere egingo dituzte. "Hezkuntza arloan indar bat egin" nahi baitute, eskolartekoei zuzendutako jarduerekin.
20garren + 1 edizioa
Iaz ospatu zuten 20. urtemuga deskafeinatua izan ondotik, normaltasunera itzuli nahi dute. Pandemiaren ondorioz, iazkoan irundarrek baizik ezin izan zuten Amaia KZko emanaldietara hurbildu, eta dibulgazioa online bermatu zuten. Aurten ere, jaialdiaren onlineko bertsioari eutsiko zaio, emanaldiak telematikoki jarraitu nahi dituztenentzat. Halere, "20garrena gehi bat edizioa izango da nolabait", dio Jokin Lanz-ek. Eta pandemia garaian indusketa arkeologikoak, ikerketak eta haien dibulgaziorako zinemagintzaren arlo berezi honek lanean jarraitu duela erakutsiko dute.
Estreinekoa azaroaren 15ean egingo dute 19:00etan Amaia Kultur Zentroan, eta sarrera muxu truk da.