Kutsadura neurgailuak eta 30 eremua eskatu dute Artia pareko Juan Thalamas Labandibarren

Antxeta Irratia 2021ko aza. 3a, 00:00

Irungo Udala aitzindari izan zen 2011 urtean 30 eremuak indarrean ezartzen hirigunean. Halere, auzo guztietan egoera ez da hain xamurra. Artiako Lagunak kolektiboak neurriak galdegin ditu bertako bizilagunek jasaten duten trafikoaren isuriak eta kutsadura akustikoa apaltzeko.

N-1, Zaisa logistika gunea eta A68 autobidearen artean preso aurkitzen da auzoa, eta bere paretik Behobia-Azken Portu lotzen dituen Juan Thalamas Labandibar kalea (N1 errepidea) 25.000 ibilgailuk zeharkatzen dute egunero. Gipuzkoako Foru Aldundiak egindako zarata azterketen arabera ere, "egunez eta gauez 60 dezibeliotik gorako kutsadura akustikoa" pairatzen dute auzokideek.

Landaketak eta trafikoa moteltzea

Horri aurregiteko hainbat neurri proposatzen ditu Artiako Lagunak Elkarteak. Batetik, auzoko masa berdea emendatzea. Udalak bertan dauden 50 urteko ezkiak kendu nahi zituelarik, hauek aztertu eta sendotzea lortu zuen elkarteak. Baina alternatiba "landatzea, landatzea eta landatzea" dela defendatzen dute.

Bestalde, gaur egun 70 kilometro orduko abiadura muga duen Juan Thalamas Labandibar kalea 30 eremu bilakatzea aldarrikatzen dute. "Ez du zentzurik Behobiatik atera eta biribilgunera iritsi bitartean ibilgailuek kutsadura eta zarata oparitxo hori guri uztea", kexu da Alazne Izulain kolektiboko kidea. Era berean, gune horretan kutsadura neurgailuak exijitzen dituzte.