Artia "plazarik gabeko auzoa" dela salatu du Artiako Lagunak taldeak. Udalak azken urteetan garatutako hirigintza politikaren ondorioz, etxeak eta kotxeentzako aparkalekuak besterik ez daudela diote. "Zuk hiria kotxeentzat diseinatzen baduzu, kaleetan lortuko duzuna kotxeak dira, eta haurrak, adinekoak, komertzioa, bizitza soziala desagertzen da", kexu da Alazne Izulain, kolektiboko kidea. Irungo alkateak (@jasantoano) bere garaian esandakoak gogora ekarri nahi izan ditu Izulainek. "Kalean autoa oinezkoen aurrean lehenesten baduzu kalea hil egiten da, eta hiriaren amaiera hasten da, esan zuen behin" gogora ekartzen du, "bera ere kontziente da, baina ez du horren arabera jokatzen".
Artia udalerri balitz
Biztanle erroldari erreparatuta Irungo Artia auzoa udalerri izango balitz, Gipuzkoako 88 udalerrietatik 20. populatuena izango litzake. 7.000 auzotarrekin, Lezo baino handiagoa da, eta Aretxabaleta zein Astigarragaren parekoa. Herri horiek guztiek herriko plaza dute, bat hala gehiago. Artiak ez.
Egia bada ere, 50. eta 60. hamarkadan eraikitako auzoa izanik, konponbide zaila duela, Udalak gaur egun oraindik ere autoari lehentasuna eman izana leporatzen diote. N1, Zaisa logistika gunea eta A68 autobidearen artean preso dagoen auzoa izanik, "auzoan plaza bat lortzeko egokiak izan zitezkeen eremu eskaxak aparkaleku bilakatu dituzte urteotan. Azkena Gaztelu Zahar ondoko Bienabe Artiaren kasua dugu", dio Izulainek.
Hala, Artiako Lagunak taldetik argi dute, udal agintariek urteotan bultzatu duten espazio publikoen erabileran pertsonak ez direla lehentasuna: "Irungo hirigunearen espazio osoaren %68a autoarentzat da gaur egun, kotxeak, errepideak eta aparkalekuak".
Aparkalekuen presioa
Bestalde, azaroaren 8an Arbes eta Palmera-Montero auzuneetan Udalak indarrean ezarriko duen TAO sistemaren ondorioak Artian ere pairatuko dituztelakoan dago kolektiboa. "Aparkalekuaren arazoa puztuki bat bezalako da, leku batetik estutu eta bestaldera zabalduko da, autoak ez dira horregatik desagertuko. Bestelako neurriak behar dira", adierazi du Alazne Izurainek Antxeta Irratian.