Heldu den ostegunean (azaroak 4) ‘TURISMOAREN ERRONKAK GIPUZKOAN’ jardunaldia egingo dute Hondarribiko Itsas Etxean. Gipuzkoako Foru Aldundiak antolatuta, elkarrizketa eta hausnarketa jardunaldia izango da. Goizean elkarrizketa eta hitzaldi desberdinekin, eta arratsaldean, aldiz, tailerrak proposatuko dituzte.
Maria Serrano Hondarribiko Udaleko Turismo ordezkariak esan duenez, “esperientziak trukatu eta besteengandik ikasteko aukera paregabea” emango du jardunaldiak. Gainera, Itsas Etxeko auditoria kongresu profesionaletarako erabilerari bultzada eman ahal izango diote. “Pandemia hasi aurretik Udalak Itsas Etxea kulturgune izateaz gain, profesionalen bisitariak erakarri eta halako jardunaldiak antolatzeko bideratzea erabakia genuen, eta turismoaren sektorean erreferentzi izatea berri ona da Hondarribiarentzat”, nabarmendu du Serranok.
Izan ere, sektoreko hainbat enpresek eta profesionalek hartuko dute parte, turismoaren sektorean erronka berriei arrakastaz aurregiteko helburuarekin. Besteak beste W2M-eko (Grupo Iberostar) zuzendari den Gabriel Subías, Condé Nast Traveler turismo aldizkarirako zuzendari den David Moraledo, San Sebastian Turismoko zuzendari den Isabel Aguirrezabala, Eneko Atxa eta Elena Arzak nazioarteko sukaldariak, edota turismoarekin loturiko beste hainbat izen eta marka ere.
Hondarribia markaren erronkak
Bestalde, Hondarribiak bere marka berritu ondoan, Irunekin batera Bidasoa Bizirik erakundearen Turismo Plan Estrategiko berriaren irizpideak sakontzen lanean ari dira. Bisitari profesionalak erakartzea ere badute helburuen artean. Plan horren arabera, udako bisitariak ez ezik, urte osoan zehar “turismo jasangarri eta iraunkor” baten aldeko apostua egina baitute tokiko erakundeek sektoreko profesionalekin lankidetzan.
Sektorea berez nahiko estazionalizatua da, opor garaien arabera, baina hori apurtu nahi dute. “Hondarribiak asko du eskaintzeko urte osoan zehar gozatu daitekeena, gastronomia, kultura, historia eta turismo berdea”, dio Maria Serranok.