Elgarrekin Podemos-Ezker Anitza udal taldeak proposatutako mozioak eztabaida sutsua eragin du urriaren 29 hontako Irungo udal osoko bilkuran. Udal langilegeen arteko euskaldun pasiboak (belarriprestak) aitortzea eskatu du Elgarrekin Podemos-Ezker Anitza udal taldeak. Eta EAJ eta EH Bilduk indarrak bildu eta mozioa erretiratzeko eskaera luzatu ondotik, Euskara arloko eskuduntza duen Elgarrekin Podemosek ez du atzera egin.
Halere, mozioa bi puntutan banatu eta bozkatzera eman dute. Batetik belarripresten aitortza, denek EH Bilduk izan ezik baiezkoa bozkatu dute. Bigarren puntua, aldiz, ez zen sinbolikoa. Hain justu euskara hizkuntza eskakizuna udal langileengan malgutzea eskatzen zuen Eusko Jaurlaritzak bere araudietan jendaurrean ari ez diren langileak aintzat har ditzan.
Ulerrizketaren dinamika eta asimetria
Ez da onartu, Elgarrekin Podemosek gobernukide duen alderdi sozialista abstenitu egin delako. Elgarrekin Podemos-ek eta PPk alde, eta EAJk eta Bilduk kontra bozkatu duten bitartean.
Plenoan bertan, Xabier Iridoy jeltzaleak oroitarazi du instituzioen bermea behar duela euskarak, eta Irungo Udal Euskara Normalkuntzarako Planaren kontra doala eskaera. Gainera, "belarripresten figura gizarte mailan eta udal langilegoan ezin nahastu daitezkeela" oroitarazi dute jeltzaleek.
EH Bilduko Ane Unanuek, aldiz, euskaldunok lortutako eskubide bat ere zalantzan jarriko duen lege aldaketarik ez dutela sekulan bababestuko azpimarratu du. "Euskara eta gaztelera ez daude egoera berean, eta administrazioan ulerrizketaren dinamika tranpatia izango litzake", argitu du Unanuek, "asimetria izugarria delako".
Bien bitartean, eta aurkeztutako mozioa osoki onartu ez dela ikusirik, Elgarrekin Podemos-Ezker Anitzako Miren Etxebestek, Euskara zinegotziak, haren kontra bozkatu duten euskal alderdiei agertutako jarrera leporatu die, berez, mozioaren mamian sartu gabe. "Mozio bat erretiratzeko eskaera ez da komunikabideetan egiten, udalean baizik, eta EAJ-EH Bildu ez dira gurekin harremanetan sartu aldaketarik proposatzeko ere. Hurrengo batean, sen onera itzultzea espero dugu, eta gauzak adostasunetik eramatea", esan du Antxeta Irratian udalbatza ondotik.
Bien bitartean, Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusiak, Paul Bilbaok ez du zalantzarik. Euskarari eraso larritzat jo du aipatutako mozioa, aurkeztu izanak ere: "Hizkuntza eskubideen bermeak bi norantza duela, herritarrak eskubidea du euskaraz zuzentzeko, eta administrazioko langileen erantzuna euskaraz jasotzeko. Galdera da, zein da eskubideen subjektua? Herritarrari eskubideak osoki bermatzkeo bide bakarra euskaraz erantzungo duten langileak dira. Oso arriskutsua iruditzen zaigu hizkuntza eskakizun asimetrikoen paradigma erabiltzea atzera egiteko".
Gogoratu, hain justu, ‘Udalak Eragile’ izenburupean azaroaren 18an eta 19an Donostiako Miramar Jauregian Tokiko hizkuntza-politikak hizpide izango duten jardunaldiak osaptuko direla, Kontseiluak eta Eusko Jaurlaritzak antolatuta, eta euskararen normalkuntzarako udalen inplikazioa bilatzen duena.