Hamar euroko 25.000 bono hondarribiarrek herriko saltokietan xahutzeko

Antxeta Irratia 2021ko urr. 28a, 00:00

Atzodanik martxan da Hondarribiko saltokietan kontsumoa suspertzeko #EuskadiBonoDenda kanpaina. Eusko Jaurlaritzak 4,6 milioi euro bideratu ditu komertzioari bultzada emateko EAE mailako kanpaina honen bigarren ediziorako. Eta bat egin duten udalen artean, Hondarribikoak 200.000 euro gehitu dizkio kanpainari. Hala, orotara hondarribiarrek herrian egindako 25.000 erosketetan 30 euroko 10eko deskontua jaso ahalko dute.

Txomin Sagarzazu alkateak nabarmendu duenez, "axola handiko kanpaina da, diru horrek eragiten duen eraginagatik, komertzioa laguntzeko eta herria biziarazteko eraginkorra dela erakutsi baitzuen lehendabiziko edizioak". Iaz 150.000 euro jarri zituen Udalak eta 10.8000 bono erabiliak izan ziren. Oraingo honetan, aldiz, 25.000 bono izango dira herritarren eskura. 

Javier Hurtado, Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburua Hondarribian izan da, Portuko hainbat dendatan bisitan eta kanpainaren berri emateko. Aipatu duenez, “Hondarribiko 49 establezimenduk parte hartzen dute, beraz, denda bakoitzan 500 bono izango dira aukeran". Bigarren edizio honetan zenbait berrikuntza badira ere, lau bonotik bostera pasako baita herritar bakoitzarentzat, eta 16 urtetik gorako pertsonentzat zuzenduta dago orain. "Perfumeria, ileapaindegi edota konponketa tailerretara ere zabaldu da, establezimendu gehiagok parte har dezaten”, gaineratu du. 

Kanpaina abenduaren 5a arte izango da, eta Eusko Jaurlaritzak merkatariekin hala adostuta, gabonetan eten egingo dute. Gero urtarrilaren 10etik 31ra berriz ere martxan jartzeko.