A25eko mezua gazteei hel dadin hilabeteko kanpaina Irunen

Antxeta Irratia 2021ko urr. 28a, 00:00

Emakumeenganako indarkeriaren kontrako eguna dela eta, Irungo Udalak hilabete osoko sentsibilizazio kanpaina egingo du aurten. 'Ez Nauzu Maite' lelopean "maitatzea ez dela kontrolatzea" jakinarazi nahi diete 25 urte arteko neska-mutil gazteei. Izan ere, gazteek oraindik ere agertzen dituzten jarrera matxista eta kontrolatzaileekin kezkaturik agertu dira eskoletan gaia lantzen duten teknikariek. "Sare sozialek kontrol eredu berriak ekarri dituzte, gazteen kasuan jarrera matxisten faktore biderkatzaile izateraino", dio Aitziber Iratzoki, Udaleko Berdintasun teknikariak.

Hau kontuan hartuta, azaroaren 2tik 28ra hiri osoan zehar afitxen bitartez egingo duten kanpainaz haratago, interneteko euskarriak ere baliatuko dituzte gazteengan heltzeko. Hiru bideo ekoitzi dituzte mezu banarekin, eta sare sozialetan, youtuben eta hiriko informazio pantailetan hedatuko dituzte.

Eskoletan, aldiz, 3.800 ikasleeri eskuorriak banatuko zaizkie Irungo DBHko zentroetan. Txikiagoen kasuan urtero antolatzern duten Beldur Barik programa garatuko baitute ikasturteak aurrera egin ahala.

Ahalegin ekonomikoak  

Joan den astean jakin izan zuen Udalak 60.000 euro jasoko dituela Espainiako Genero Indarkeriaren Aurkako Estatu Itunaren finantzaketatik. "Aurreikusia zenaren bikoitza da, eta 2017tik izandako inflexio puntuaren ondotik, kanpainak indartzeko aukera emango digu Espainiako Berdintasun Ministerioaren ahaleginak", dio Miren Etxebestek, Berdintasun arloko udal ordezkariak. 

#MaitatzeEzDaKontrolatzea #EzNauzuMaite