'Axut!' kolektiboa Hendaian instalatuko da. Hendaiako Herriko Etxeak artistak herrian hartzea, laguntzea eta haiekin batera biztanleendako parte hartze bidezko kultura proiektuen aldeko apostua berretsi egin du. Izan ere, antzerkia euskaraz garatzeko xedea duen kolektiboarekin izenpetu berri duen hitzarmen bati esker, 'Axut!' Zokoburuko Mendi Zolan kulturgunearen ondoan lokal batean kokatuko da.
Bertatik hiru ardatz nagusiren inguruan lan eginen dute: sorkuntza, kultura bitartekaritza, eta tokiko partaideekin elgarlanean beti, euskal kultura proiektuak sustatzea. Herriko Etxeak nabarmendu duenez, elgarlana bereziki 12 eta 30 urte arteko gazteen aldeko lanera bilduko da.
Aipatu hitzarmena estreinatzeko, azaroaren 4an eta 5ean (20:30an) 'AMUA' ikusgarria eskeiniko dute Mendizolan kulturgunean. Erreserbak: www.hendaye-culture.fr eta Mendi Zolan kulturgunean bertan.
Kolektiboa Manex Fuchs, Ximun Fuchs, Arantxa Hirigoyen eta Argi Perurenak osatzen dute. Fuchs anaiekin bildu ditugu xehetasunak.