Irungo EAJ eta EH bildu udal taldeek euskara eskakizuna lanpostu publikoetan malgutzea eskatzen duen mozioa erretiratzeko eskatu diote Euskara arloko eskuduntza duen Elgarrekin Podemos-Ezker Anitza udal taldeari. "Atzera pausu garbia da, ulertezina Irunen euskarak duen egoera jakinda".
Eztabaida piztu duen mozioak "hizkuntza eskakizunen gaineko araudian euskaldun pasiboak ofizialki aitortzea" eskatzen du. Eta jeltzaleek eta ezker abertzalekoek plazaratu duten ohar amankomunean diotenez, "eragileen aldetik zein instituzioetatik urte hauetan guztietan egin den ahalegina ezagututa euskara bultzatzearen kontrako norabidean" doa Elgarrekin Podemos-ek proposatutakoa.
Era berean, Irungo Udalak onartuta duen Euskararen Normalkuntza Planaren helburuekin bat ez datorrela, eta planteatzen denak euskara lan hizkuntza izateari oztopoak jartzen dizkiola salatu dute.
Zentzu horretan, atzerapausoak egin beharrean, euskararen normalizazioak babes juridiko irmoa behar duela oroitarazi dute. Eta beraz, mozio hau erretiratzeko eskatu diote Elkarrekin PODEMOS Ezker Anitzari. Hauek udalbatzan eztabaidatzeko deia luzatu dute, baina ez dutela atzera egingo iragarri dute.