Gazteek haurtzarotik nerabezarorako jauzian aldaketa fisiko eta psiko-sozial handiak jasaten dituztela agerikoa bada ere, isilean pasa ohi da neska guztiek duten lehen hilerokoaren asimilazio prozesua. Norbere gorputzaren burujabetza ikasten den zerbait bada ere, "normalean emakumetik emakumeetara ematen den informazioa da, eta orduan aurreko belaunaldiak bizitu duen moduan trasladatzen da berriz ere" dio gorputzak erdigunean jartzeko helburua duen Ara!Gorputz elkarteko Enara Iruretagoyenak.
Zerbait kulturala denez, lehen hilerokoak eragiten dituen tabu eta beldurrak errepikatzen ohi dira. Eraldaketarako bidean, formakuntza saioak proposatzen dituzte gaur egun "imaginarioak apurtzeko" eta gaia "naturaltasunez" eramateko. Izan ere, irakasle, guraso eta senideok bidelagun izan gaitezke gure alaba edo ikasle horrekin. Hortaz, gizonezkoei ere deia luzatu diete saioan parte har dezaten.
Azaroaren 12ko saioa Palmera-Montero guneko aretorik handienean egingo dute, eta aldez aurretik izena eman beharra dago info@aragorputz.eus posta elektronikora idatziz.
Hilerokoa Eskoletan
Euren proiektua "haserretik" sortu zela esplikatu digu Enarak. "Jakin izan genuenean hileroko produktu higienikoen enpresa handiek eskoletako atarietan muestrak banatzen zituztela, pentsatu genuen zerbait egin behar genuela, haiek saldu ohi duten lehen hilerokoaren errelato idealizatu komertziala baztertzeko", esplikatzen du.
Hala, gaur egun helduei ez ezik, LHko 5. eta 6. mailako gaztetxoei zuzendutako 'Hilerokoa Eskoletan' programa ere eskaintzen diete. Gipuzkoako Foru Aldundiak diruzlagunduta, unitate didaktiko bat dute ikasleekin geletan lantzeko. Irunen, momentuz, Dunboa ikastetxean aritu dira, eta Leka-Enean ere proposatuko dute aurten.