Joan den urriaren 8an Euskal Herrian, Herri Katalanetan eta Galizan egindako argien itzalaldiaren protestarekin bat egin ondoan, Irungo EH Bilduk hitzetatik ekintzetara pasatzeko garaia dela aldarrikatu du. Udalari energia burujabetzaren alde lidergotza sendoagoa erakusteko eskatu dio. Eta horretarako, koalizio abertzaleak aurreko bi legegintzaldietan bere herri programan aldarrikatu duen Energiaren Udal Bulego edo Agentzia behingoz martxan jartzeko beharra nabarmendu du. "Azterketa bat egitea lortu genuen, baina iritsi da garaia proiektua martxan jartzeko", dio Ane Unanue hautetsiak.
Izan ere, energi-eredua ingurumen arazo larria izanik ere, argindarra urtebetean zazpi bider garestitu ez den artea ez da agintarien agendan sartu. Baina Unanuek dioenez, EH Bildu aspaldian dabil eredu aldaketa baten alde borrokatzen. Irungo UDalak SAC-HAZ Bulego Berdea sortu badu ere, bere ustez ez da aski. "Energiaren Udal Agentzia bat behar da, ekonomian, enpresa txiki eta ostalaritzan ez ezik, irundarren patriketan eragiteko, eguneroko kontsumoa murrizteko, udal politiketatik energia berriztagarrien aldeko apostu garbia egiteko, eta herritarren pobrezia energetikoa sahiesteko ez ezik, Irungo ekonomia bultzatzeko ere".
Zentzu horretan, energia berriztagarrien sektorean enpresa eta zerbitzu berrien sorrera bultzatzeko aukera handiak daudela sinistuta dago koalizio abertzalea.
Irundarren sentsibilitate ekologikoa
Bere garaian, EH Bilduk Udalak ohiko enpresa handietatik askatu eta Goiener bezalako energia kooperatibekin bat egiteko eskaera luzatu zuen, udal eraikin eta zerbitzuetako argindar kontsumoa bide sozialago eta berriztagarriagoa segurtatzeko. Ez zen hura onartu. Baina urrats bat haratago jotzeko unea iritsi da haien ustetan, herritarrek eskatzen dutelako. "Pozik gaude ikusten dugula irundarrek sentsibilitate ekologiko handia dutela, baina aldi berean, ingurumena arazo larri bat dela ondoriztatzen du horrek", esan du Ane Unanuek Antxeta Irratian.
Horren irudiko ditugu asteotan eztabaida piztu duen Plaiaundiko parke ekologikoaren egoera tamalgarria, eta honen lehengoratzeko plan estrategikoa martxan jarri beharra, bidegorrien aldeko aldarrikapen eta eskaera etengabea edota aldaketa klimatikoak Irunen eragiten dituen uholde arriskuak aintzat hartuta, zenbait hirigintza proiektu desegokien aurrean herritarren salaketak, Azken Portuko etxegintza promozioaren kasuan, adibidez.