Irungo EAJk hiriko kultur agenda deszentralizatu eta auzoetara berbideratzeko eskatu dio udal gobernuari (PSE-Elgarrekin Podemos-Ezker Batua). Udalak Kultura Plan Estrategiko berria aurkeztu zuen joan den udaberrian, eta Kultura KM0 irizpidea oinarri hartuta, tokiko artisten aldeko apostua egin du. Jeltzaleek begirunez hartzen dute hau, baina gaur egun kultur hitzordu gehienak Amaia KZn eta FICOBAn egiten direla nabarmendu du udal taldeak. Eta beraz, kulturak duen “gizarte kohesionatzeko eta komertzioaren biziberritzeko gaitasuna” hirierdira mugatzen dela dio Lander Ugartemendia hautetsi jeltzaleak. “Auzoak gris xamarrak daude aspaldi honetan Irunen, bizi handirik gabe, eta kultura onurak ekar ditzakeen tresna bat da”, aldarrikatu du Antxeta Irratian.
Herritarren beharrekin bat
Gainera herritarrek auzoetan kultura dinamika azkarrago baten beharra sentitzen dutelakoan dago. Izan ere, urriaren 19an bururatu berri diren Udal Aurrekontu Partehartzaileetan onartutako proposamenen artean, hori bera bozkatu dute irundarrek. “Kultura gosea badago auzoetan, eta pozik gaude ikusteaz gure proposamenek herritarren beharrekin bat egiten dutela”, nabarmendu du Ugartemendiak.
Izan ere, EAJ udal taldeak "Irun Kultura" 2022-2030 Plan Estrategikoa aurkeztu zuten iada 2021eko udal aurrekontuetan, hiriko kultur ekipamenduen diagnostiko bat egin, eta bide batez, etorkizunerako kultur jarduera benetako beharretara egokitzeko estrategia berri bat proposatuz. Eta joan den uztaileko kreditu modifikazioen udalbatzan ere, kultur emanaldiak auzoetara eta tokiko artisten eskutik eramatea eskatu zuten. Ez zieten hura onartu orduan, baina oposizio talde gisa horrekin tematuko direla iragarri du Ugartemendiak, eta bere ustez, gainerako udal talde politikoek ere begirunez hartu dute euren proposamena “kultura auzoetara eramateko beharra” dagoela ikusten dutelako.