Agintariek ospitaleko ebakuntza gelen afera argitu bitartean, herritarrak sinadurak biltzen hasi dira

Antxeta Irratia 2021ko urr. 26a, 00:00

Bidasoko ospitalearen berritze lanen proiektuak bazterrak urratu ditu azken asteotan. 2022ko martxoan hasiko ome diren lanen ondorioz, kirurgia-gela guztiak itxi eta 18 hilabetez Donostiako Onkologikora bideratuko omen dituzte Bidasoko zein Bortzirietako 90.000 biztanleak ebakuntza baten beharra izatekotan. Horren kontrako mugimendu azkarra sortu da, langileetatik hasi, sindikatuetatik jarraitu, baita herritarren artean ere. Eta herri ekimenez sinadura bilketa abiatu dute aste honetan, kirofano guztiak aldi berean itxi ez ditzaten eskatzeko, eta erabakiak ospitaleko langileen artean partekatzeko.

Izan ere, SATSE sindikatuak gogor salatu du prozesu honetan ematen ari den “gardentasun falta”. Eta erizainen sindikatuak hurrengo mahai sektorialeako gai-zerrendan puntu hau sar dezala eskatu dio ere Osakidetzako Erakunde Publikoaren Zuzendaritzari.

Informazioa, tantaka dator 

Anartean, tokiko agintariek ere ez dute argi kirurgia gelekin zer gertatuko den. Txomin Sagarzazu Hondarribiko alkateak Antxeta Irratian aitortu duenez, Bidasoko ESIrekin harreman zuzena du, eta zenbait informazio jaso ditu. Baina “ez dute bat egiten komunikabideetan esaten ari denarekin”. Halere, ez du dakiena jakinarazi nahi izan. “Informazioak ofizialak izan arte Udal Gobernuak ez du iritzirik”, gaineratu du.

Horretarako, udal talde politiko guztien artean egoera aztertzeko borondatea adierazi du alkateak. Izan ere, oposizioko udal talde nagusiak, Abotsanitzek afera argitzeko mozioa aurkeztu du (urriak 28) asteazken hontako udalbatzarako. Igor Enparanek, Abotsanitzeko bozeramaileak iragarri duenez, Udalak Eusko Jaurlaritzari informazio argia galdegin diezaiola eskatu dute. “Bizi kalitatean eragiteaz gain, Irun eta Hondarribiari ez ezik, Bortzirietako herritarrei ere zerbitzu ematen die ospitaleak, eta larrialdizko ebakuntza baten aurrean Donostira joan behar izatea hil ala bizikoa izan daiteke”, nabarmendu du Enparanek.

Era berean, ospitaleko hainbat langilerekin eta sindikatuekin bildu da Abotsanitz. Eta haiekin bat egiten dute, obrek ospitalean izango duten eraginari buruzko informazio eskaxari buruz. “Informazioa partekatua behar du eta erabakiak modu adostuan hartuak”, dio.