Irungo Elgarrekin Podemos udal taldeko bozeramaile eta Udaleko Gizarte Zerbitzuetako ordezkariak gogor salatu du frantses gobernuak hartu berri duen mugetako polizia kontrolak sei hilabetez luzatzeko erabakia. Macronek «mehatxu terrorista» eta "krisi sanitarioa" argudiatu ditu Europar Batasunaren aurrean, epe hori luzatzeko. Hala, Europako barne muga dugun Irun-Hendaiako eta Pausu (Urruña)-Behobiako (Irun) mugetan frantses poliziaren kontrolak 2022ko apirila arte luzatuko dituzte.
Elgarrekin Podemos-eko bozeramaileak iragarri du, aldiz, apirila ondoren beste sei hilabete etorriko direla. Macronen gobernuak daraman "lepenizazioa" salatu du, "Frantziako gobernuak ez duelako migranterik nahi". Hala, mugetako polizia kontrolak estrategia politiko bat dira bere ustetan, eta oinarrian "helburu elektoralistak" daude.
Pultso politikoa eta aktibismoa
Honi aurre egiteko, Ipar eta Hego Euskal Herriko erakunde publikoen arteko lankidetza eskatu du, "pultso politikoa handitu behar dugu, indarrak bateratuz". Elkarlanaren beharra adierazteko ere, joan den astean Donibane Lohitzuneko tren geltokian hiru migranteen heriotza salatzeko elgarretaratzean parte hartu zuen Irungo Elgarrekin Podemos-eko beste hautetsiekin batera.
Nolanahi ere, Irungo udal ordezkari gisa "behar baliabideak eskaintzeko asmoarekin" lanean ari dela nabarmendu du. Irungo Harrera Sarearekin harremanetan dela dio, "esentziala den aktibismoa" egiten dutela goraipatuz. Baina agintariei lan politikoa egokitzen zaiela oroitarazi du. Batetik migranteentzako baliabideak eskaintzeko. Zentzu horretan, Eusko Jaurlaritzarekin harreman zuzenean ari dira, eta dispositibo handiago eta osatuago bat aztertzen ari direla iragarri du. Bestetik, "politikatik presio eman behar da ere, Frantziak egiten duen politika nazkagarri hau aldatzeko" esan du Antxeta Irratian.