Bart gauerdian amaitu den prozesua baikorki baloratzen du EH Bilduk, "kuantitatiboki". Partehartzea eskaxa izan da, Irun Txartela duten eta bozka eskubidea zuten 40.000 irundarretatik, orotara 6.500 bat bozka bildu baititu prozesuak astebetean. Halere, "urtetik urtera partehartzea hobetzen doa", nabarmendu du Jokin Melidak, EH Bilduko Irungo bozeramaileak.
Kale segurtasuna, bidegorriak eta gazteen etxebizitza
Aldiz, emaitzak kualitatiboki aztertuz gero, eta irundarren kezka nagusiak zeintzuk diren neurtzeko tresna gisa irudikatuz gero, agerian geratu da, kaleko segurtasuna, bidegorri sarearen hobetzeko beharra eta gazteen etxebizitza arazoa dira irundarren kezka nagusia. Horixe baita, prozesu osoan zehar irundarrek eztabaidatu, proposatu eta azken bozketarako hautatutako diru partiden artean, gehien bozkatu dituzten proposamenak. Bi proiekturik bozkatuenak hirian zehar segurtasun bideo-kamera gehiago jartzeko 170.000 euroko partida, eta bidegorrien eraikuntza hobetzea eta hondatuak dauden tramoak hobetzeko 130.000 eurokoa izan dira, 600ndik gora bozkarekin. Eta gazteentzako prozesuan, Irunen erroldatutako 16 eta 30 urte arteko 665 bozka bildu dira. Haietan nagusitu egin da, gazteei etxebizitza alokatzeko zuzeneko laguntzen lerro bat sortzeko 90.000 euroko partida.
Koalizio abertzaleak argi du bidegorrien kasuan hutsune handiak daudela Irunen, eta mugikortasun jansagarriaren alde Udalak berak egin beharko lituzkeen lanak direla. "Tamalez, herritarrek bultzatuta halako prozesuetan emango zaio bultzada", azpimarratzen du Melidak.
Aldiz, eztabaida ekar dezakeen bideo-kamera gehiago jartzeko proposamena izan da guztien artean bozkatuena. "Delinkuentzia ikaragarri igo da Irunen, eta oso kezkatuta gaude", dio EH Bilduko hautetsiak, baina Urdanibia plazan agerian geratu den bezala, "segurtasun perzepzioa handitzen badute ere, bideo-kamera zaintza sistemak ez du arazoa konpontzen". Epe laburreko neurrietaz gain, epe luzerako neurri sozialak, hezkuntza eta prebentzioa landu beharra dagoela dio.
Era berean, etxebizitza gazteen arazo nagusia dela aspaldi salatu du EH Bilduk Irunen. Zentzu honetan, 90.000 euro dirulaguntza zuzenetan banatzea onartu da. Baina bere zalantzak adierazi ditu hautetsiak: "laguntza zuzenak konpontxo bat dira, gazteei lagunduko die, bai, baina dirua alokairu pribatuen eskura joango da, konponbidea etxebizitza sozialen aldeko politikak dira, eta alokairuan sustatuz".