Mugetako kontrolak apirila arte, plazan ume migranteen algara biltzen den bitartean

Antxeta Irratia 2021ko urr. 20a, 00:00

Frantses Estatuak beste urte erdiz luzatuko du Vigipirate plan antiterrorista. Gure eskualdeari dagokionez, Frantziak duen ustezko mehatxu terrorista islamikoaren aitzakipean, Irun-Hendaia eta (Irungo) Behobia eta (Urruñako) Pausu arteko zubietan polizia kontrolak mantentzea ekarriko du, dirudienez sei hilabete gehiago, 2022ko apirila arte.

Haur migranteak Irunen 

Aldi berean, 40 migrante iritsi dira 24 ordutan Irunera, gehienak Kanariar Irletatik. Horietatik 13 emakume eta 11 ume. Haur txikiak jolasean ibili dira gaur San Juan plaza alaituz. Baina migrazio bide gogorra daramate motxilan, Afrikatik Kanarietara pateran gurutzatu zutela pentsatzeak ere bihotza uzkurtzen du. Jakinik gainera ez direla ziren guztiak heldu.

Josune Mendigutxia, Harrera Sareko kideak esan digunez, azken egun hauetan migratzaile gehiago heltzen ari dira muga zeharkatu nahian, eta perfila ere aldatu da, seme-alaba txikiekin datozen emakumeak baitira haien artean. Eta umeak bidean galdu dituztenak ere.

Gaua Gurutze Gorriaren harrera zentroan eman dute, baina Harrera Sareak salatu duenez, seme-alaba txikiak dituzten emakume horiek nekez trebeskatu dezakete muga zubitik ez bada arrisku larriak hartu gabe. Hortaz, "mafien esku geratzeko arriskua dute, pasanteak Arretxe Gainako harreragunearen atarian baitabiltza migranteak muga zeharkatzeko prest diruaren truke". 

Erlazionatuak