Pantailak Euskaraz: “Streaming plataformetan euskararen presentzia hutsaren hurrengoa da”

Antxeta Irratia 2021ko urr. 19a, 00:00

Hondarribiko Blagan Euskara Elkarteak “Pantailak Euskaraz” hitzaldia antolatu du, Alde Zaharreko Kultur Etxean, urriaren 21ean arratsaldeko 19:00etan. Euskarak pantailetan duen presentzia eskasaz kezkaturik, eta egoera iraultzeko helburuarekin elkartu dira Netflix Euskaraz, Disney Plus Euskaraz, Tinko euskara elkartea, euskarazko bikoiztaileen Bieuse elkartea, eta bideojokoen arloko Game erauntsia elkarte mugimenduak. Indarrak bildu eta ‘Pantailak Euskaraz’ mugimendua sortu berri dute horretarako. Euskal Herri osoan ari dira horren berri ematen, “kontsumitzaileen hautuak direlako presio emateko tresnarik eraginkorrena”.

Mugimenduko bozeramaileak, Alex Aginagaldek esan digunez, “Europa mailako azken inkesten arabera, egunean 11 ordu pasatzen ditugu pantaila baten aurrean, izan telebista, ordenagailu, tablet edo smartphone bat dela, aisialdi zein laneko orduetan”. Hortaz, euskara teknologi berrien euskarrietan sendotzeak berezibiziko garrantzia duela sinetsita daude. Gainera, “streaming edo ordainketa bidezko plataformetan euskararen presentzia hutsaren hurrengoa da", bere esanetan. Salbuespen bakarra www.filmin.es plataformaren Filmin Euskaraz azpikanalak biltzen dituzten 40 bat euskarazko ekoizpen dira. Gainerakoan, Dragoi Bolaren marrazkiak edota euskarazko ekoizpen solteren bat edo beste baizik ez dira topatzen ahal Netflix, Disney eta plataforma globalizatu gehienetan.

Honi buruz hausnartu eta ‘Pantailak Euskaraz’ kanpainaren aurkezpena egiteko hitzordua, urriaren 21ean 19:00etan emana du Blagan elkarteak Hondarribiko Kultur Etxean.