SNCFak proiektu kolektiboentzako Akitania mailan elkarteei utzitako 30 egoitzetatik bat da, Hendaiako tren geltokian Borderline Fabrikak atondu duena. Berritze lan luze baten ondotik, Hendaiako “kafe antzoki” txikia izateko xedea zuenak ateak zabaltzear zenean heldu den pandemia. Eta horrekin batera, kulturaren sektoreak urtebeteko geldialdia pairatu zuen Ipar Euskal Herrian. Aldiz, joan den maiatzan ateak zabaldu zituzten, eta pittaka-pittaka ari dira Geltoki auzoa biziarazteko kulturaren bidean jorratzen. Udan zehar ostatu-jatetxe zerbitzua ere eman dute, baina une hontan itxita aurkitzen da. Halere, kultur atelierrak eta agenda indartzeko “inflexio puntu” batetan daudela esplikatu digu Ander Fernandezek, Borderlina Fabrikako kideak. “Kultur proposamenen inguruan orain arte egin ezin izan duguna egin nahi dugu, elkarrekin topa!”, dio artistak.
Hirugarren Harria Jaialdia
Proiektuari abiada emateko ospatu zuten Harria Jaialdiaren haritik, urriaren 15 eta 16 hontan, 3. Harria Jaialdia antolatu dute elkarteko artista zenbaitzuen partehartzearekin. Bertan 3 ikuskizun, soinu piezak entzungailuetan entzuteko aukera eta bankete eder bat izango dira. Pandemia ondoko lehen topa ospatzeko, sorpresaz beteriko bankete bat prestatu dute, urriaren 16a arratsaldeko 19etatik goiti. Donibane Lohitzuneko GEM phoenix elkarteak prestatuko du afaria, eta Borderline Fabrikako Etxekoek harrera. Banketerako sarrera 15€tan eskuratu daiteke.
Ikusgarriak, aldiz, kitorik izanen dira.
Urriaren 15ean:
• "Hitz eta pitz" Bi'arte konpainiaren eskutik, arratsaldeko 18etan, txotxongiloez baliatuz, ipuinen eta kantuen bidez haurren mundura murgiltzeko ikuskizuna.
• 20.30ean "Prétextes" izenburuko antzerki monologo batek segituko du gaualdia, antzerkia antzerkiaren barnean.
Urriaren 16an
• Larunbata dantza, antzerki eta musika bikote batek irekiko du arratsaldeko 18:00etan Santiago zubian. Poesia eta arintasunez, "Branca" ikuskizunak gure artean berriz lotzera gonbidatzen gaitu.
• Banketearen ordua izango da gero, eta hau amaitutakoan DJ Aloé Vera izango da dantza giroa sortzeko gogoz.
Erreserbak contact@borderlinefabrika.eus helbidean hartu behar dira.