Hondarribian, gaur arratsaldeko 18:00etan Hiri Antolamendu Plan Orokorraren aurrerapena aztertu eta herritarrekin partekatzeko bigarren tailerra antolatu du Udalak Itsas Etxean. Mugikortasuna izango dute hizpide, etorkizuneko hiri ereduaren diseinuan.
Portua proiektuak ekarri duen eztabaida sutsuaren ondotik dator hau. Baita Udalak atzera egin eta neurriak arindu ondotik, astebeteko epean Mugikortasun Mahaian proiektua argitu bitartean ireki duen "parentesia" eta gero. Udalak iragarri du Portua auzokoari buruzko monografikoa izango dela azaroaren 3an deitu duten Mugikortasun Mahaia eragileekin.
Partehartzea giltzarri
Partaide aktiboa da Balazta bizikletaren aldeko elkartea. Izan ere, mugikortasun jasangarria geratzeko iritsi dela ulertzen dute, baina aldaketak adostuta hartu behar direla sinistuta daude. Horregatik, Portua proiektuarekin gertatutakoaz harridura adierazi dute. Herritarren haserrea ulertzen dute, eurek ere neurrien fondoarekin baino, erabakitako formekin ez baitaude ados. "Kosta kaleko proiektua auzokideekin prozesu partehartzaile bat abiatu genuen duela hiru aste, eta horren ondoren ulergaitza da Portuan egun batetik bestera egindako aldaketa. Guk ez genekien ezer", kexu da Kote Guevara, Balaztako kidea.
Dena dela, Portua proiektuan bizikleta duen lekuarekin ere ez dira ados. Butroi pasealekuan txirrindak debekatzea "astakeria" dela deritzo, eta segurtasuna bermatzeko, Mendelun bezala, bide nagusietan aparteko bidegorria ezinbestekotzat jotzen badute ere, oinezko eta txirrindaren arteko bizikidetza bilatu behar dela aitortzen du Balaztak herriko gainerako lekuetan. Baina horretarako "pedagogia eta formakuntza ikastaroak" egin beharko lituzke Udalak. Era berean, "atzerapen handiarekin doan" herri-busaren proiektua murrizketak ezarri aurretik eskaini beharreko alternatiba dela ulertzen dute.