Plaiaundiko parke ekologikoak jasaten duen "utzikeria eta mantenu falta" leporatu dio Eusko Jaurlaritzari Itsas Enara Ornitologia Elkarteak. Urmaelak hastapenean zuen hegazti migratzaileen babesleku izateko funtzio biologikoa galdu egin duela salatu dute. "Ur konportak puskatuak daude aspaldi, eta Bidasoa ibaiaren itsasgoraren baitan aurkitzen dira, hegaztiek ez dute non gelditu", dio Jon Mugika elkarteko kideak.
Mantenu faltagatik, parke periurbanoa bilakatu dela diote, eta gaur egun funtzio dibulgatibo edo pedagogikoa baizik ez duela betetzen ekoetxetik urtero pasatzen diren milaka eskolartekoekin. Baina Mugikaren arabera, "Plaiaundi ekoetxea Arrasaten egongo balitz, funtzio bera beteko luke, haurrek barruko erakusketan eta bideoetan ikusten dutena ez dutelako gero kanpoan aurkitzen". Are gehiago, parkearen erdian dauden kirol instalazioak dira haien esanetan, "paradoxikoki" mantenua duten bakarrak.
Landare inbaditzaileen granja
Parke ekologikoaren bazterretan biltzen diren hondakinek agerian uzten dute. Baina begibistakoak ez diren animali eta landare inbaditzaileetan du ondorio latzena. Izan ere, "natur eremu eta babesleku behar zuena, espezie inbaditzaileen produkzio granja bilakatu" dela ohartarazi du Itsas Enara Ornitologia Elkarteak. Koipuak, bisoiak, apo armatu aloktonoak, kangrejo amerikarrak eta baccharis halimifolia bezalako landareak nahi erara ugaltzen dira bertan. Horren ondorioz, moko-zabala hegaztiak ez du iada Plaiaundin atsedenik hartzen bere migrazio bidean.
Lehenbailehen urmaelen ur-konportak konpondu eta ekologikoki hezegunea lehengoratzeko premia dagoela aldarrikatzeko pankartak ezarri dituzte parkearen sarreran.