Hendaiatik Irunera mandatuak egitera bizikletan joateko 'Txirrindula Ibilaldia' antolatu du RecyclArte-k

Antxeta Irratia 2021ko urr. 14a, 00:00

Hendaiako RecyclArte elkarteak bizikletak herrian lekua irabaz dezan borrokan dabil azken urteotan. Ipar Euskal Herrian ospatzen ari den AsteKlimaren baitan, Txirrindula Ibilaldia antolatu du urriaren 16ean, goizeko 10:00etan Zokoburutik partituta. Oraingo honetan, aldarrikapen ekintza gisa baino, "jendeak hausnartu dezan" dute xede. Izan ere, Irunera erosketak egitera joateko ibilaldia izango da. "Jendeak ez du pentsatzen hori txirrindulaz egin daitekeenik, baina bidegorri sare egokia dago horretarako", dio Maitena Hiriartek, RecyclArteko kideak. Halere, Hendaiako herriko etxearekin harremanetan dira, Hendaia Velo kolektiboarekin batera hirigunean bizikletaz ibiltzea seguruago izan dadin. "Urrats handiak eman dira urteotan, eta bizikletentzako bideak politak badira ere, aisialdirako pentsatuak dira hirigunetik egunerokoan mugitzeko baino, hirigunearen erdian ezarri behar dira", aldarrikatzen du Hiriartek.

Bestalde, txirrinda baten beharretan den orori, edota ganberan ahantzia bat soberan duenari deia luzatzen diote elkartetik. Recyclarte elkarteak (Intzura-Le Joncaux industriguneko Lekueder karrikan duen egoitzan) bigarren eskuko bizikletak konpondu eta saltzen ditu prezio merkeetan. Eta konponketa tailerrak ere proposatzen ditu.