Aurrez-aurreko kultur proposamenak berreskuratu ditu Zuloaga Etxeak. Muxukoa erabili behar bada ere, aforo mugak desagertuta Kote Guevara liburuzainak argi du, "liburutegia sozializaziorako gunea den heinean", ohiko martxa berreskuratzea garrantzitsua dela.
Hala, udazken honetarako hamaika hitzordu antolatu dituzte. Ohiko Literatur eta Idazketa Tailerrak martxan dituzte, Maite Gonzalez Esnal, Itziar Sistiaga eta Yolanda Arrietarekin. Eta haurrentzako ipuin kontariak ere, Maite Franko eta Lupe Lekuonarekin. Baina urte bukaera bitartean, ez dute etenik egingo gainerakoan ere. Hilero gai baten inguruan animatuko dute Zuloaga Etxeko dinamika.
Hilabete tematikoak
Urriak 24ean Liburutegien Eguna ospatzen denez, ekitaldi bereziak egiteko aprobetxatu dute. Urriaren 20an zinema emanaldia egongo da ‘La biblioteca’ filmarekin, bi egun geroago Ana Francoren eskutik ingelesezko ipuin kontari saioa. Eta urriaren 23an, San Pedro kaleko azokan karpa bat jarriko dute liburutegiko zerbitzuak eskainiaz: mailegua, txartelak egiteko aukera eta informazioa orokorrean.
Urriaren 31an 'Gau Beltza' ospatuko dute. Eta azaroan, aldiz, Marlaxka Xake Elkartearen laguntzarekin, maha-jolasen bueltan xakea izango dute protagonista, jarduera, filme proiekzio eta bestelakoetan. Abenduan, gabonen inguruan antolatutako ekitaldiak izango dira.
Dena dela, 2022ra begira jarri dira ere. Eta pandemiak atzeratutako 'Txanogorritxuren' proiektua proposatuko dute. Oraindik ere Udalak ofizialdu beharko du, baina izurriaren aurretik hartutako lan-ildoari jarraipena eman nahi diote. "Frankestein eta Moby Dick-en monografikoek izan zuten dinamika izango da, eta ipuin tradizionalak jorratuko ditugu, uste baino sakonagoak direla erakutsiz", iragarri du liburuzainak.