Larrialdi Egoera bertan behera uzteak ez du aldaketarik ekarri, momentuz, hezkuntza zentroentzat. Haurrek maskarekin eta ikasturte hasieratik indarrean den COVID protokoloarekin jarraitu beharko dute eskolan. Hezkuntza Plazara plataformak salatu duenez, aldiz, Irungo hainbat ikastetxetan nekez bete ahal izan dituzte neurri horiek orain arte. Ikasturte hasieran ez Eusko Jaurlaritzak, ezta Irungo Udalak ere, hitz emandako hainbat neurri ez dituztela bete.
Lehengo lepotik burua
Iñigo Gebara, plataformakideak azaldu digu, zoritxarrez, administrazioak berriro ere huts egin dutela. Covid errefortzuko irakasleak lah haizeetara iragarri badute ere, berandu iritsi baitira Irungo hainbat ikastetxetara. "Ahoa betetzen zaie publikoki, baina hainbat ordezkapen ere berandu iritsi dira. Irunen, 20 irakasle iritsi dira bernadu ikastetxeetara, eta ikasle asko tutorerik gabe egon dira ikasturte hasieran, horrek suposatzen duen guztiarekin". Hezkuntza sailaren kudeaketa lotsagarria izan dela salatzearekin batera, pandemiatik haratago ikastetxeek egindako mantenu eta instalakuntza hobekuntzen eskaerak "bete ez edota berandu" egin dutela azpimarratzen du plataformak ere. Toki Alai ikastetxean, adibidez, leku eskaxa dutenez, "uda osoa izan dute haurrentzako modulo berriak jartzeko, baina ikasturtea behin hasita egin dute, eta ikastetxe batzuetako espazio falta dela eta, ikasleak liburutegian edota ikasgeletan bazkaltzen ari dira", dio Gebarak.
Eta antzeko zerbait gertatu da iaz hain balorazio ona izan zuten jolasguneak estaltzeko karpa eskaerarekin. Ikasutrte hasieran lau haizeetara iragarri zituen Udalak, baina oraindik ere ez dituzte instalatu.
Pandemia ondokoa
Dena dela, pandemia denboran agintariek bideratu dituzten errefortzu lanpostu gehigarriak edota aparteko diru partidak ere murriztuko direlakoan daude Hezkuntza Plazara plataforman. Eta beraz, hezkuntza publiko duina bermatzeko "borondatea ez ezik, inbertsio publikoa ezinbestekoa" dela oroitarazten dute. Eta borrokan jarraitzeko plataforma saretzeko deia luzatu dute. Hurrengo bilkura, urriaren 20ean (18:00etan), Irungo Palmera-Montero gunean egingo dute. Hezkuntza komunitate osoak parte har dezake, irakasleak ez ezik, ikasleek, haien gurasoek eta hezkuntzako gainerako langileek ere.