Gaur goizean iada, udaltzainek ez dute Portua gurutzatzea debekatu. Eta joan den astean plantan ezarritako neurriak, igandean eta jaiegunetan baizik ez dituzte mantenduko, momentuz. Hala jakitera eman du Kalixa Silanesek, Ingurumeneko zinegotziak "herritarrak entzun eta autokritika egin" eta gero. "Gu ere bertan bizi gara eta ohartu gara, proiektua %100ean garatzea gehiegi izan dela, alternatibak eskaini eta pixkanaka egin behar dela", aitortu du Silanesek.
Halere, herrian sortutako ezinegona eta haserrea, proiektuaren zergatia eta nondik-norakoak komunikatzerakoan herritarrei ondo informatzen jakin ez dutelako eman dela uste du. Eta proiektua piloto edo esperientzia bat besterik ez dela argitu du.
Era berean, Zuloaga kalea eta Matxin de Arzu kaleen itxierak herriko trafikoan eragiten dituen ondorioak aztertzeko datuak behar dituztela gaineratu du zinegotziak, eta azaroaren 3an ospatuko den Mugikortasun Mahaian ahal bezain beste eragile eta herritarren partehartzeko deia luzatu du.
Atzera baino, parentesia
Izan aldaketek eragin dituzten trafiko arazoengatik, izan herritarren kexua entzun dutelako, EAJren udal gobernuak parentesi bat ireki du beraz, eta eztabaida lasai baterako gonbidapena luzatu du. Anartean, merkatariek eta beste zenbait eragilek mobilizatzeko prest agertu dira, urriaren 8an bertan manifestaldi bat egitekoak baitziren Udalak proiektu arindu baino lehen.
Hala, momentuz, hauek dira aldaketa nagusiak: igandetan eta jai egunetan Zuloaga kalea eta Matxin de Arzu debekatua egongo da auzotarrentzat izan ezik; auzotarrentzako aparkaleku eremu berdeak bere horretan mantenduko dituzte astean 7 egunez; eta Butroi paselekuan bizikletak zirkulatzearen debekua ere, (legeak hala zion lehendikan ere) 12 urtez behekoentzat izan ezik. Bestalde, Bentako aparkalekuan ohiko eremu urdinaz gain, Marinel ontziaren hurbilen dagoen lerroa, errotazio handiko eremu gorria bilakatuko da. Hau da, 20 minutuz dohainik aparkatzeko aukera izango da bertan, Bernat Etxeparen bezala, eta gehienez jota ordubete.