"Garrantzitsua da Herriko Etxeak senti dezala, Hendaian euskararik gabe ezin dela aurrera egin"

Antxeta Irratia 2021ko urr. 6a, 00:00

Aizpea Abrisketak, Hendaiako Hizkuntza Protokoloaren prozesua bideratzen ari den Kontseiluko kideak, argi du euskaraz bizi ahal izateko "agintarien engaiamendua ez ezik, hendaiarren partehartzea" berebizikoa dela. Joan den apirilaz geroztik, Europako Hizkuntza Eskubideen Protokoloan oinarrituta, Hendaian hizkuntza politikak zehazteko garatzen ari diren koadroak herri eragileen beharra duela, eta haien ekarpenak egin eta herriak dituen hutsuneak zeintzuk diren nabarmentzeko unea dela azpimarratu du Abrisketak: "Orain zabaltzen da euskalgintzak proposamenak egiteko aukera, eta egiten ez diren proposamenak ez ditu Herriko Etxeak gerora aintzat hartuko".

Hendaiako euskararen egoeraren diagnostikoa 

Hala, irailaren 28an prozesuaren lehen fasean egindako diagnostikoa elkarteei aurkeztu ondotik, eta urriaren 21ean bigarren bilkura egin artean, elkarteek galdetegi bat erantzun beharko dute urriaren 14rako berantenez.

Diagnostikoak agerian utzi du, Hendaiako Herriko Etxeak 20 urte daramala euskararen normalkuntzarako bidean engaiaturik. "Hizkuntza ofiziala ez izan arren, borondatea erakutsi du hainbat arlotan", dio Abrisketak, "baina borondatea ez ezik, plantan emateko koadro bat beharrezkoa da, hutsuneak identifikatu eta helburuak bururaino eramateko neurriekin".

Hendaiakoa esperientzia pilotoa da, baina eraginkorra izango bada, Ipar Euskal Herriko beste herrietan aplikagarria izan daiteke, herriko etxeetan barruko funtzionamenduan zein herriko bere eragin eremuan euskara bultzatzeko. Aldi berean, Uharten (Nafarroa) eta Arrigorriagan (Bizkaia) ari dira proiektu bera garatzen.

Hendaiaren kasuan, diagnostikoak agerian utzi du kaleko seinaletikan elebitasuna, eta kultura eta hezkuntza alorretan euskararen bermea betetzen den bitartean, Herriko Etxearen eskumenekoak diren gainerako zerbitzuetan, herritarrei begira zein udal erakundearen barruko langileen lan tresna eskax geratzen dela. Eta udal langileen kontratazioan hizkuntza perfila kontuan hartzen bada ere, "langile euskaldunak topatzeko zailtasunak dituzte", argitzen du Kontseiluko kideak.

Diagnostikoaren aurkezpena egin ondoan, ekarpenak egiteko tenorea da orain. Euskalgintzako dozena bat elkarte ari dira partehartzen momentuz. Baina aurrerantzean, eguneroko hizkuntza erabileran eragina duten kirol elkarte eta bestelako eragileen inplikazioa ere galdegingo du Kontseiluak.