Hondarribian harriduraz hartu dituzte merkatariek, ostalariek, udal talde politikoek, eta orohar herritarrek Udalak Portua auzoaren trafikoaren berrantolatzeko hartutako erabakiak. Baina Butroi pasealekua oinezkoentzat soilik bideratzea, eta bizikletak Portuko kaleetan segurtasunez ibil daitezen, 20 kilometroko abiadura eta auzokoak ez diren autoentzat sarbide eremu mugatua ezartzeak dituen ondorioetatik haratago, neurriak “inorekin kontsultatu gabe, ez alderdiekin, ez eragileekin, ezta herritarrekin ere” egin duela leporatu dio Abotsanitz udal taldeak gobernu jeltzaleari.
Are gehiago, Mugikortasun Jasangarriaren Planari iruzur egin diotela salatu du Igor Enparanek. “Uztailan udalbatzak onartutako mugikortasun ordenantzaren contra doaz zenbait neurri, ordenantza bera boletín ofizialean oraindik argitaratu ez denean, beraz, ofizialdu baino lehen iada aldaketak egin dizkiote”, salatu du Abotsanitzeko bozeramaleak.
Merkatariak haserre eta harriturik
Portua auzoko merkatariak ere hunkituak sentitzen dira. Eta neurriak indarrean sartu baino lehen, haiekin bildu, aukerak adostu eta murrizketen aurretik alternatibak eskaini behar direla uste dute. Sonia Herce, Amuitz merkatarien elkarteko kideak dioenez, “herritar guztiek ezin dute oinez edo txirrindaz Portura jetsi, eta murrizketak ezin dira alternatibak eskain gabe inposatu egin duten bezala”.
Txomin Sagarzazu alkatearekin bilera eskatu dute BAZen, euren haserrea adierazi eta proposamenak egiteko. “Baionan egiten den moduan, hirigunearen kanpoaldean aparkalekuak eskaini eta bus txikietan erdigunera joateko proposamena aspaldi egina dugu”, kexu da Herce. Haserre dira merkatariak, joan den astean Udaletik inolako komunikaziorik jaso gabe, Matxin de Arzu eta Zuloaga kaleetako komertzio inguruetan aparkalekuak marra berdez margotuak zeudela ohartu, eta udaltzainak soilik erresidenteentzako zirela informatzen ikusi zituztenean “ezin sinetsita” zeuden. Zenbait dendarientzat “azken kolpea” izan daitekeela diote, pandemiaren ondorioz aski hunkitua aurkitzen den sektorea baita.
Neurri onartezinak oposizioaren arabera
Hondarribia luzeagoa da zabala baino. Eta Portua auzoa herria gurutzatzeko erabili ohi bada ere, Udalak egindako azterketen arabera zirkulazio osoaren %20 inguru baizik ez du suposatzen. Eta hori da bizikleten faboretan apaldu nahi dutena. Abotsanitzek argi du irizpidea ez dela txarra berez, baina “Portu auzoaren onerako hartzen den erabakiak ezin du inguruko auzoak hunkitu”, izan ere, Igor Enpararenk dioenez, “Soroetagain eta Donosti kaleko Sokoa inguruetan x trafikoa baldin badago, x bider 3 egongo dela eta horren ondorioak arintzeko azterketa bat egin beharra dago”. Auzokideekin eta eragileekin partekatu gabeko neurriak direla agerian uzten du horrek oposizioaren arabera.
Bestalde, Udalak Portua auzoko bizilagunak ez direnentzat Bentakoaz gain, Bernat Etxepareko 20 minutuko estazionamendurako eremu berdea, Minaterako eta Biteriko aparkalekuak disuasorio gisa aurkeztu izana onartezina dela leporatu diote Udal Gobernu taldeari. “Biterikoaren kasuan, belardi da, eta euri egunetan lokaztua dago beti, ezin zaio aparkalekua deitu, guttienez atondu beharko litzateke”, defendatzen du Enparanek.
Baina Portua auzoko trafikoaren berrantolaketaren oinarrian dagoen, alkateak argudiatu duen Butroi pasealekuan bidegorri bat egiteko ezintasun teknikoa da ulertezinena Abotsanitzen arabera. Donostian egin izan duten moduan aski delako, bere esanetan, lurrean marra batzuk margotzea. “Tabernen erabilera pribaturako Butroi erdia bideratu denean, erabilera publikoa mugatzea ez da zilegia” haien ustetan.