Portua auzoan oinezkoak eta bizikletak lemixi

Antxeta Irratia 2021ko ira. 30a, 00:00

Hondarribiko Udalak Mugikortasun Mahaian partekatu eta teknikarien azterketa sakon baten ondotik, Portua auzoa mugikortasun jasangarriaren irizpideetara egokitzeko lehendabiziko saiakera egingo du. Butroi pasealekua oinezkoentzat gorde, eta bizikletak Portuko kaleetara eramanez, herrian mugitzea seguruago bilaka dadin, hirigunean autoentzako sarbide mugatuko eremu gorria ezarri dute proba gisa.

Portuarraken kotxeak, eta oinezkoak zein bizikletak soilik

Azken hilabeteotan, eskola sartu-irteeretarako inguruetan egindako aldaketak, 30 kilometro orduko abiadura mugak eta Hondarribia Mugitzen Da komunikazio kanpainen ondotik, Portua auzorako plan orokor bat lantzen ari dira. Baina datozen egunetan proiektu horren parte baten proba egingo dute. Teknikarien azterketen arabera, zirkulazioaren %80a inguru auzotarrena da. Baina gainerakoa bideetatik kentzeko, agerian izango den seinaletikak markatuko duen eremu gorrian, bertako bizilagunak ez diren gainerako gidariek ezingo dute Portua trantsitoan gurutzatu. Portuarrakentzat, garraio publikoarentzat eta zama-lanentzat ez ezik, bizikletak izango du lehentasuna.

Hori ahalbidetzeko, Portu inguruan dauden Bentako, Biteriko edota Minaterako aparkalekuak disuasorio gisa erabiliko dituzte. Eta erosketak ahalbidetzeko, 15 minutuz dohainik aparkatzeko aukera emango dute.

Sentsibilizazio kanpaina 

Momentuz, komunikazio kanpaina azkarra egingo du Udalak aldaketen berri emateko. Herritar orok eskuorri informatiboa jasoko du bere postontzian, eta hondarribia.eus Udalaren webgunean ere xehetasun guztiak eskura daude. Udaltzaingoak bere partetik, sentsibilizazio eta informazio lana egingo du datozen asteetan "eremu gorria"ri buruz. Sarbide mugatuko eremuak, Matxin Arzu, Zuloaga, Itsas Argi, Domingo de Egia, Almirante Alonso, Beleztarren Markesa eta San Pedro kalea izango dira, baita Arrantzale Auzoa ere.

 Txomin Sagarzazu alkateak eta Kalixa Silanesek, Ingurumeneko zinegotziak eman digute aldaketen berri.