Errekonozimendua, egia, justizia eta erreparazioa helburu duen Bakeola Bizikidetza Batzordeak uda hontan Hondarribian abiatutako ibilbidearen lehen emaitza, irailaren 4an egindako omenaldian Kai Zaharreko barandan ezarritako plaka oroigarria izan da. Egun hartan, 85 urte eta gero bizirik diren frantses Estatura erbesteratu eta herrira itzulitako bi emakume omendu zituzten ere, eta txol konten agertu ziren Esther Alvarez Olaso “Margari” eta Maria Luixa Etxebeste. Izan ere, 1936ko irailean tropa kolpistengandik ihesi Bidasoa ibaia zeharkatu behar izan zuten ehunka hondarribitarren omenezko plakarekin batera, asmo handiak adierazi zituzten udal talde politiko guztiek justizia eta erreparazioaren aldeko konpromisoa agertuz.
Aldiz, biharamuneko irailaren 5az geroztik udaltzainek Kai Zaharra itxitzeko erabiltzen dituen hesiekin estalita dago plaka oroigarria. “24 ordu pasata plaka tapatua ikustea ez zaigu oso gardena iruditzen, eta abisua pasa diren honetan gauzak lehengo lepotik burua jarraitzen du”, dio Aitzol Arroyok, Abotsanitzeko hautetsi eta bizikidetza batzordeko kideak. “Ez jaiak zirela eta ez zirela, esperoan izan gara, baina abisua eman eta hiru aste pasa diren honetan lehengo lepotik burua segitzen dute gauzak”, argitu du Arroyok.
Zentzu honetan, EAJren udal gobernuak duen sentsibilitate eta borondate eza leporatu dio Abotsanitzek. “Bisibilidade hori eman nahi ez dion heinean, EAJk memoriaren aurka dagoela, edo hau urratzen ari dela iruditzen zaigu”, nabarmendu du bizikidetza batzordean Abotsanitzeko ordezkaria denak. Hondarribian oraindik bide luzea dagoela egiteko dio justizia eta erreparaziorako bidean. Eta hemendik aurrera bizikidetza batzordeak izango duen ibilbidea adosteke badago oraindik, hiritar orok egia gardentasunez ezagutzeko eskubidea duela. Izan ere, “egia, justizia eta erreparaziotaz ari garela, plakaren gizarteratze honek ere ez ditu memoria historikoaren oinarrizko irizpideak betetzen”.