Joan den asteburuan eskuin muturreko zenbait pertsonek “magrebi rateroak” jipoitzeko Irunen egindako deialdiari erantzunez, Bidasoko eragile antifaxista andana batek indarrak bildu eta Urdanibia plazaren okupazio baketsua egin ondoan, Alde Zaharra-San Juan auzo elkarteak giroa lasaitu nahi izan du. “Lasaitasuna behar da, deialdi anonimo guztieari ezin zaie erantzun, eta auzoan lanean ari gara egoerari aurre egiteko”, dio Koldo Susperregui auzo elkarteko kideak.
Halere, Udalak neurriak hartzen ari denik zalantzan jarri du. Joan den uztailan Ertzaintza, Irungo Udaltzaingoa eta Gizarte Zerbitzuetako ordezkariekin bilkura egin baitzuten arazoari aterabideak bilatzeko, eta bigarren bilera bat eskatu dute auzo elkartetik. “Orain arte ez dute inolako neurririk hartu, eta hor dago arriskua, beti egon daitekeela norbait legea bere eskutik hartzeko prest. Horregatik lasaitasuna mantendu behar da”, azpimarratu du. Baina Udala “mugitzen hasteko” garaia duela, eta ezin duela “beste aldera batera begiratu” ohartarazi du.
Izan ere, azken hilabeteotan auzoan emandako lapurreta, liskar eta borroken ondotik, iraila hasieran 11 urteko neska baten bahiketa saiakerak, eta auzoan zenbait komertziantek jasandako egoerek, alarma piztu dute. “30 bat auzokideen salaketaren berri jaso dugu, gehienak emakumeak eta beldur dira. Baina Ertzaintzak, Udaltzaingoak eta beraz Udalak ere jaso dituzte”, argitu du.
Bestalde, urritik aurrera larunbatero 12:00etatik 13:00era auzo elkartearen egoitzan permanentziak egingo dituztela iragarri dute, nahi duen ororen zalantzak eta iradokizunak jasotzeko.