Jaizkibel mendiaren habitata berreskuratzeko eta lehengoratzeko lanak hasi ditu Gipuzkoako Foru Aldundiko Mendiak Kudeatzeko Zerbitzutik. Artzu azpian, 3,13 hektarea eukalipto kendu, eta bertako haritza den (Quercus Pirenaica) ametza espeziearekin ordezkatuko dute. Orotara, batez bestean 30 zentimetroko diametroko enborreko, eta 15 eta 26 metro arteko altuera duten 1.200 zuhaitz ordezkatuko dituzte horrela.
Jaizkibel mendia Kontser¬bazio Bereziko Eremu izendatua dago, eta kontserbazio-neurrien lehen helburuetan harizti eta ameztien berreskuraketa jasotzen duen plana indarrean dago. 2017 urtetik hainbat saiakera egin dituzte eukaliptoak bertatik ateratzeko, eta ustiaketa berri bat esleitzeko. Baina orain artean ez dute lortu.
Hariztiak eta ameztiak
Kalixa Silanes, Hondarribiko Udaleko Ingurumeneko zinegotziak begirunez hartu ditu lan hauek. “Eukaliptoa ez da bertako espeziea baina oso ondo egokitzen da klima honetara, mendian etengabe hedatuz. Aspaldi ari gara Udaletik bertako espezieen aldeko apostuarekin”, dio. Horren irudiko, urtero, jaioberrien izenean landatu ohi dituzten zuhaitzen landaketan, ametzak landatu dituztela 2016az geroztik.
Aipatutako ordezkatze lanak abendura arte luzatuko dituzte, eta bide batez, Jaizkibel Mendiko ipar magaletik sua pasa eta gero hazi diren Pinus pinaster landareak pista bazterretik kentzea eta bidearen mantentze lanak egitea ere. Dagoeneko hainbat lan egin dituzte, nekazalbideen bazterrak garbitzen ez ezik, mendian hedatuak diren zenbait landare inbaditzaile errotik kentzeko ere. Habitat babestua izanik ere, Jaizkibel mendia oso hunkitua baitago.