Aldaketa klimatikoaren ondorioei egokitutako hirigintza galdegin dio EAJk Irungo udal gobernuari

Antxeta Irratia 2021ko ira. 28a, 00:00

Irungo Udalak datozen urteetan gure politika, ekonomia eta bizimodua baldintzatuko duen aldaketa klimatikoari buruzko mahaingurua antolatu du Palmera Montero gunean AsteKlima programazioaren baitan, irailak 28 arratsaldeko 18:00etan.

Garazi Auzmendi (Mekanika industrialeko ingeniera eta Gipuzkoako basoen ikerlariak "Gure basoen ekarpena klima-aldaketaren aurkako borrokan" hitzalditxoa emango du. Eta Jose María Hernández, Zientzia Geologikoetan doktorea eta Cristina Enea Fundazioko zuzendariak, aldiz, "Klima-aldaketaren euskal erregistro geologikoaz mintzatuko da, eta Xabier Esteban, "Naturklima Fundazioko zuzendari teknikoa eta Dorleta Orúe-Echevarría, Gipuzkoako Klima Aldaketaren Behatokiko koordinatzaileak, "aldaketa klimatikoaren ondorio nagusiak Gipuzkoan ", aztertuko dituzte.

Beroketa isurien apaltzea eta adaptazioa 

Hain justu, Irungo hirian uholdeen ugaritzea eta haien intentsitatea handitzea aurreikusten dute azken ikerketek. Eta AZTI erakundeak Bizkaiko Golkoan egindako itsas-mailaren goratzeari buruzko azken ikerketen arabera, mende bukaerarako gutxienez 29 zentimetro igoko dela aurreikusita, beroketa efektuko isuriak apaltzeko neurriez haratago, “datorrenari egokitzeko” neurriak hartzeko eta “herritarrak informatzeko” garaia dela deritzo Irungo EAJ udal taldea. “Udaletxean ditugun datuak gardentasun osoz esplikatu behar dizkiegu irundarrei. Ahulezi Klimatikoen Maparen eszenatoki ezberdinak daude, baina itsas-maila igo igoko denez, Udalak ezin du bestaldera begiratu, eta Hirigintza Plan Antolamendua egokitu beharko da etorkizuneko hiria horren arabera diseinatzeko”, dio Xabier Iridoy jeltzaleak.

Zentzu honetan, Irungo Udalak Hirigintza Plan Antolamenduan klima aldaketaren ondorioak Irunen zeintzuk izan daitezkeen kontuan har ditzala eskatu dio udal gobernuari. Gogoan hartu beharbaita, adibidez, Rekondoko hirigintza eta etxebizitza promozio proiektuari begira, ez dela aldagai hau kontuan hartzen ari. Eta “eremu urdinak (ur-bazterreko uholde arriskukoak) gogoan hartu behar dira”. Hala, Behobia, Azken Portu, Dunboa-Santiago, Palmera-Arbes edota Anaka-Puiana ere uholde arriskuan emanak dira aipatutako Ahulezi Klimatikoen Mapan.

Hortaz, aldaketa klimatikoaren kontrako alkateen hitzarmenetik eratorrita, PACES izeneko plana udazken honetan udalbatzatik pasa beharko duenez, “Udalak ez dezala bestaldera begiratu” aldarrikatu dute jeltzaleek.