Irailak 23a, Sexu Esplotazioaren eta Pertsonen Trafikoaren Aurkako Nazioarteko Eguna da. Eta eguna probestu nahi izan du Txingudiko Elkarte Feministak, isilean pasatzen den errealitate honen aurrean herritarren arreta pizteko. Elkarteko kidea den Maria Valientek dioenez, "Irunen putetxeak beti egon dira, eta hor dauden emakume asko dira trataren biktima". Hala, poliziak egin beharreko lanaz haratago, gizonezkoei deia luzatu die jarrerak aldatzeko. "Sistema ekonomiko honetan esplotazio sexualetik dirua lortzen duten pertsona, enpresa eta mafiak zelatatzeko neurriak behar dira, baina gizonezkoak dira emakumeak kontsumitzen dituztenak, eta hori hala ez balitz, probelmak beste bide bat hartuko luke", nabarmendu du Valientek.
Performance ekintza
Hau guztia kontuan hartuta, “PERTSONEN SALEROSKETARI EZ, ESKLABUTZA SEXUALARI EZ” lelopean, emakume guztien eskubideak errespeta daitezen exijituko dute Zabaltza plazan, txalaparta deia eginez, eta 30 bat emakumek parte hartuko duten performance batekin. Hitzordua 19:00etan eman dute, eta ahal bezainbeste jenderen partehartzea dute helburu.