Hendaian etxebizitzaren prezioek bizi duten goraldiari neurri hartu nahian, eta bertako gazteei zein familiei etxebizitza eskubidea segurtatzeko xedez, Orio auzoko APHP (Pariseko Ospitaleen) jabetzakoa den eraikina 760.000 euroen truke erostea deliberatu du Departamenduko Habitat 64 etxebizitzarako bulegoak. Bertan 36 hilabeteko epean 35 etxebizitza eskuragarri eraikiko dituzte, 21 alokairu sozialean eta gainerako 14 bizitokiak BRS dispositiboa kari jabego sozialean.
2018an espekulazioaren eta etxe hutsen kontrako sinbolo bilakatu zen eraikina da Oriokoa. Gazte asanbladak urtebetez okupatu eta kanporatuak izan ziren artean, Sasiko gaztetxea bilakatu zuten. Eta orain artean ere, 25 urte eman ditu Argi-Hastea izeneko eraikinak hutsik.
Espekulazioaren kontrako borroka
Orain Habitat 64 bulegoak hartu berri duen erabakia, aldiz, etxebizitza hutsek eta euskal kostaldearen turistifikazioak urteotan ekarri duen etxebizitzaren arazoari neurri hartzeko urrats txiki bat besterik ez da. 2020an Hendaiako Herriko Etxeak onartutako PLUaren (Hirigintza plana) ondotik, Orio auzoan bertan Candit SAGEC delako promozio pribatu handiago batetik deslotzea lortu dute lursail hau. Eta akordioan %100a etxebizitza sozialera bideratzea adostu zuten.
EH BAI-ko Iker Elizalderekin, departamenduko kontseilariarekin, proiektuaz eta Ipar Euskal Herriak, eta bereziki Hendaiak bizi duen etxebizitzaren arazo larriaz mintzatu gara berarekin.
Izan ere, Habitat 64 bulegoaren datuan arabera, departamendu mailan bizitoki sozial baten galde ororen erdia Hendaia-Baiona arteko euskal kostaldean ematen dira. “Agerikoa da arazo larri bat dagoela, eta politika publikoekin neurri hartu beharko zaio, bizitoki eskuragarri gehiago eraikiz, eta bigarren etxebizitzak mugatzeko tresna guztiak baliatuz”, dio Elizaldek.
Kontuan hartu behar baita, Hendaian 700 dossier eskaera daudela gaur egun, eta herriko bizitokien %40a inguru hutsik edo bigarren etxebizitzak diren bitartean, hendaiarren %70ak etxebizitza sozial baten eskatzeko baldintzak betetzen dituela.