Aire zabalera itzuliko dira urriaren 9an Fenomena festibalaren oihartzunak

Antxeta Irratia 2021ko ira. 17a, 00:00

Joan den urtean, pandemia bete-betean, Fenomena Jaialdiari eutsi zioten antolatzaileek eta Hondarribiko Udalak. Jostaldi pilotalekuan antolatu zuten orduan osasun neurri zorrotzekin. Aurten, aldiz, urriaren 9an, Kirol Kaian aire zabalera itzuliko da festibala eta 440 ikusle bildu ahalko dituztela aurreikusten dute.

Musikaren poztasuna berreskuratu nahi dutela nabarmendu du Ernesto Villar antolatzaileak. Zutik ala oraindik ere eserita izango den, LABI Batzordeak hartuko dituen erabakien baitan da, baina “bi urteko iluntasuna atzean utzi, eta jaialdia normaltasunera itzultzeko ahalegin handia” egin dutela aipatu digu. Aurtengo festibalaren kartelak ere hori irudikatzen du, musikari bat aulki bat apurtzen.

Urriaren 9an karpa handi bat jarriko dute eszenatokiarentzat eta eguraldiaren gorabeherak ekiditeko. Eta ‘Joseba Irazoki eta Lagunak’ izango da kartel-buru. Andaluziatik, Galiziatik eta Euskal Herriko hainbat txokotatik ere osatuko dute eguerdi aldera “vermoutaren orduan” hasiko diren kontzertuak: Adios Amores, VULK, Noir Socha (ordiziarrak) eta Chaqueta de Chandal taldeekin.  

Erlazionatuak