Irungo Udalak udazkeneko kultur agendaren zirriborroa aurkeztu du gaur. Amaia Kultur Zentroa izango da erreferentzia nagusi, eta Kultura Plan Estrategiko berriaren hiru ardatzak jarraituz, Kultura KM0 irizpidea jarraituz tokiko artistei agendan leku egiteaz gain, kultura garaikidea ere bultzatuko dute.
Antzerkia zenbait estreinaldirekin (“5 minutos” obra) eta musika kontzertuak (Eneritz Furyiaren emanaldia segurtatua da) izango dira deigarrienak. Baina aparteko ekitaldiak ere proposatuko dituzte. Bi urteotan ia geldirik egotera behartua egon den Kemen dantza taldeak, adibidez, antzokian dantza emanaldi handi bat eskaini ahalko du azaroaren 28an. DokuIrun zikloaren lau hitzordu, Zure Abenturaren Bila programaren beste 5, edota Oiasso Erromatar Museoaren eskutik, urrian ospatuko den FICAB zinemaldi arkeologikoak osatuko dute udazkeneko eskaintza.
Udako bilan baikorra
Horretarako kultur jardueretarako aurrekontua handitu egingo du Udalak. Kultura “bultzatu eta hobetzeko konpromisoa” adierazi du Junkal Eizagirre zinegotziak. Udako uztaila eta abuztuko kultur agendan dagoeneko iazko 50.000 eurotatik 90.000 eurotara emendatu du aurten. Eta emaitzarekin pozik agertu da, bereziki Junkal plazatxoa antolatutako eszenatokian izandako musika, antzerki eta zinema saioekin.
Uda hontan ere, Bidasoa Folk, Kontenporanea Feria edota uztailaz geroztik Ez Mugak elkarteak hiriko parkeetan antolatutako GiraBira saioak ere izan direla nabarmendu du.