Kargurik gabe dirudienez, asteazken goizean atxilotutako lau hendaiar eta urruñar gazteak aske utzi zituzten arratsaldean bertan. Uztailaren 14an, (Frantziako Errepublika eguneko jai egunean) Donibane Lohitzunen iragan zen manifestaldian frantses banderak ebastea eta poliziarekin tentsio uneak sortu izana leporatzen diete. Donibaneko auzapezarekin ere tentsio uneak eman ziren egun hartan. Eta bi hilabete ondoan frantses poliziak liskarrekin ustez lotura zuten lau gazte hauek zalapartaz atxilotzeko operatiboa antolatu du.
Atxilotuen artean adin txikikoak baziren. Larrun da horietariko bat, eta behin libre geratu dela, Pausuko biribilgunean haien sustenguz deitutako elgarretaratzean bertan atxiloketa nola pasa zen kontatu digu. Ohean zela sartu ziren etxean, esnatu eta armak ote zituen galdezka atxilo eraman zuten Baionako komisaldegira.
EH BAIk gogora salatu ditu atxiloketak eta hauek eramandako formak. Arturo Villanueva, EH BAIko kidearen arabera, “beste garai batzuetara itzultzen gaitu honek, eta Euskal Herria etorkizunera begira dago, ez dira formak”. Ikasleen Asanabladak deituta Baionako Bernat Etxepare lizeoan elgarretaratzea egin zuten ere atxiloketa egunean bertan, baita 150 lagun Baionako komisaldegi parean bildu ere. Atxilotuen ikaskide, lagun eta irakasleak bildu ziren.
Pausuko biribilgunean, aldiz, EH BAIko kideez gain, Urruñako auzapez ordea Marie Kristine Elizondo eta kantonamenduko kontseilaria Annie Poveda ere hor ziren.