Kultura Irunen normaltasunerako bidean, ‘Gira Bira’

Antxeta Irratia 2021ko ira. 16a, 00:00

Ez Mugak elkarteak Irungo Udalaren laguntzarekin antolatzen dituen Gira Bira saioak uztailan itzuli ziren. Eta udazkenean hainbat saio proposatuko dituzte, Irungo parkeetan ez ezik, Hondarribian ere. Irailaren 19 hontan, Soroxarta parkean 10:30etatik aurrera “Ilustrazioa” gai nagusi gisa hartuta, eskualdeko hainbat artista gonbidatuko dituzte baso moduko parkea okupatu eta erakusketa gune ez ezik, musika zuzenean gozatzeko. Musika Jehlaz & Los Suri Cats soul ryth&blues taldeak jarriko du 12:30etan. Eta erakusketa Mai Egurza, Andrea Escargot, Jorge Madejon, Patri Taberna eta Lorena Martinez Oronozen ilustrazioek osatuko dute.

Tailerrak egiteko baimena 

Nobedade nagusia, aldiz, tailerrak dira. Pandemiagatik indarrean diren osasun protokolo neurri guztien bermearekin, baina hauek antolatzeko baimena jaso dutela esplikatu digu Karlos Sanchez, Ez Mugak elkarteko kideak. Halere, aldez aurretik izena eman beharra dago www.girabira.net atarian. Tailerrei dagokienez, Andrea Escargot-ek haurrei zuzendutako “Parke batean bizi” izenekoa, MARTE sorkuntza laborategiak proposatzen duen “Sararen abenturak” eta gazte eta helduei zuzendutako hirugarren bat izango da, Jon Saenz del Castillok eskainiko duen Kamishibai tailerra hain zuzen.

Datorren astean, TxikiMusika saioa antolatuko dute Hondarribian, eta urrian Irungo azken GiraBira saioaz gain, Mendibil parkean ospatuko den denboraldia bururatzeko TxikiMusika saioa ere. 

Erlazionatuak

Kultura Irunen normaltasunerako bidean, ‘Gira Bira’

Antxeta Irratia 2021 ira 16 Behe Bidasoa