Arazo transbertsala honi mugazgaindiko erantzun amankomuna eman nahi diote hemendik goiti. Europako Mugikortasunaren Astearen baitan, Irun, Hondarribia eta Hendaiako udalek bizikleta eta oinezko desplazamenduen onuretaz sentsibilizatzeko hitzordu andana bat antolatu dituzte. Hiru herrietan baina, badira amankomunean antolatutako zenbait ekintza. Txingudi Bidasoa Mugazgaindiko Partzuergoak Europako POCTEFA laguntzekin diruztatuta, hiru tailer proposatuko dituzte hiru herrietan asteburu honetan.
Partzuergotik iragarri dutenez, helburu berarekin lanean ari direnez, “logikoena” da elkarlanean aritzea. Eta heldu den urterako eskualde mailako prorgramazio bakar eta amankomuna osatzeko lan egingo dute elkar. “Azken batean, mugikortasuna hiru herriak zeharkatzen dituen arazo transbertsala da, herri bakoitzak bere erabaki edo politika publikoak bultzatzen baditu ere”, argitu du Partzuergoko lehendakariak, Miguel Angel Paezek.
Eskualdeko bidegorri sarea eta konpromisoak
Asteburuko tailerrak aurkezteko, aldiz, hiru herrietako Ingurumen eta Mugikortasun gaietarako hautetsiak bildu dira. Ganix Grabier, Hendaiako hautetsiak argi utzi du “garapen jasangarriaren baitan, eskualde mailako ikuspegia landu beharra dagoela. Are gehiago mugazgaindiko milaka langile eta bizilagun diren Bidasoa bailara honetan”. 97.000 biztanle dira eskualdean, eta hori kontuan hartuta, hiru herrien arteko lankidetza beharrezkotzat jo dute ere, Borja Olazabal eta Kalixa Silanesek, Irun eta Hondarribiko arloko ordezkariek.
Zentzu honetan, Europako Mugikortasunaren Aste honetan bizikletak protagonismo berezia izango duela kontuan hartuta, Hendaia-Irun-Hondarribia lotuko dituen bidegorri sare egoki bat lortzeko lanean jarraitzeko konpromisoa adierazi dute hiru udalek. Bitartean, herritarrak hezitzeko eta sentsibilizatzeko hiru proposamen egiten dizkigute larunbata eta igande honetarako: pedalei eraginez energia sortzeko jarduera (herri bakoitzeko KW kontagailuarekin), bizikletan segurtasunez ibiltzen ikasteko tailerra eta bizikletak konpontzekoa.
Hondarribian, larunbatean goizeko 10:30etatik aurrera Kasino Zaharrean egingo dituzte. Hendaian, larunbatean, 16:00etatik aurrera Itsas etorbidean (hondarttza parean). Eta Irunen, aldiz, igandean egingo dute 11:00etatik 13:00era, Merka2dasoa bigarren eskuko bizikleten azokarekin batera.