Berdeguneak kontrolik gabeko zabortegi irregularrak bilakatzen direnean

Antxeta Irratia 2021ko ira. 14a, 00:00

Eguzki talde ekologistak Irungo Txenperenea inguruan dauden baratzeetan zaborra nahi erara biltzen dela salatu berri du. Aurrekoetan Bidasoa ibaira egin ohi diren isurietan ez bezala, nekazalguneetan biltzen diren zaborrak “betirako” hor bukatzen dutela nabarmendu du Unai Arruabarrenak, Eguzki taldeko kideak.

Izan ere, inongo kontrolik gabe, araudia betearazten ez den eremuetan, zabortegi ez erregulatuak sortzen dira. Izan aurretik egindako obren soberakinak, izan ondoren “hondakinak dauden lekuetan, jendeak bereak bertara jaurtitzeko dinamika sortzen delako”. Txenpereneako eremuan gune ezberdinak egoera horretan aurkitzen direla dio talde ekologistak.

Hondakin horiek, inguruan bizi eta lan egiten duten pertsonen egunerokoan usain txarrak eta lekuaren irudi txarra sortzeaz gain, animalientzat ere elikagai toxikoak bilaka daitezke, eta orohar, ingurumena hunkitzen dute argiki. Talde ekologistak oroitarazi du, Txenperenea, Irungo hirigunean geratzen diren leku berde gutxienetako bat dela, eta eremu horretan epe luzera Udalak “Irungo azken zabaltza edo ensantxea” izendatu duen hirigintza proiektua handi bat aurreikusia bada ere, “hori ez da aitzakia berdeguneak zaindu eta garbi mantentzeko”.

Hortaz, halako zabortegi inkontrolatuen berri ukan dezakeen herritar orori, hauek salatzera animatzen ditu Eguzkik, eta bide batez, agintariek eskuhartu dezatela galdegin du ere, gero eta urriagoak diren “espazio naturalen utzikeria” eta “suntsipen ekintza” hauei lehenbailehen neurri hartzeko. 

Erlazionatuak