Europako Mugikortasunaren Astearen baitan, herritarrak sentsibilizatzeko programa oso bat antolatu dute Irunen, Hondarribian eta Hendaian. Irailaren 16tik aurrera, eta asteburuan Txingudi-Bidasoa Mugazgaindiko Partzuergoak proposatuta, zenbait jarduera amankomun egingo dituzte, norbere herrian: pedalei eraginez energia sortzeko ekimena, bizikletaz segurtasunez ibiltzen ikasteko ibilbidea eta txirrindak konpontzeko tailerra.
Hondarribian, aldiz, Balazta elkartearekin lankidetzan “Zure osasunagatik mugi zaitez modu iraunkorrean” lelopean, irailaren 16tik 23ra arte izango da. Zuloaga Etxean Bizikletaren Liburu Txokoa antolatzeaz gain, ostiralean Mugikortasun Jardunaldia antolatu dute. Eta larunbatean Kasino Zaharreko Lorategietan, aipatutako tailerrak izango dira. Igandean, aldiz, Irungoarekin bat egingo duen Biziketa Martxa ere izango da 10:30etan Gernikako Arbolatik abiatuta. Eta Balaztako kideek San Gabriel adinekoen erresidentziako egoiliarrei, triziklo moduko bizikleta holandesekin herrian barrena paseo bat eskainiko diete, Kandido Saseta plazan bukatuz.
Beste jardueren artean ere, herrian praktikoki mugikortasun jasangarrian aurrerapausoak emateko helburuarekin izango dira. Udalak onartu berri duen Mugikortasun Planaren harira hainbat hobekuntza aurreikusten dituzte espaloi, bidegorri eta kaleetan. “Ikusi behar dugu nola egin autoari zein oztopo ezarri abiadura moteltze aldera”, dio Kalixa Silanes zinegotziak. Ingurumen eta Agenda 21eko ordezkariak aurreratu duenez, honen harira, irailaren 22an (18:30an), Amute-Kosta auzo elkartean bertako bizilagunekin partehartze prozesu bati abiada emango diote mugikortasun kontuetan proiektua adosteko.