Amute-Kostako bizilagunei galdetuko die Udalak auzoko trafikoa, bidegorri sarea eta oinezkoen berrantolatzeko

Antxeta Irratia 2021ko ira. 13a, 00:00

Irailaren 16tik 23ra Hondarribian ospatuko duten Mugikortasunaren Europako Astearen baitan, sentsibilizatzeko ez ezik, gaian urrats praktikoak aurrera emateko aukera emango du.

Hondarribian, “Zure osasunagatik mugi zaitez modu iraunkorrean” lelopean, Mugikortasunaren Astea irailaren 16tik 23ra izango da, eta Zuloaga Etxean Bizikletaren Liburu Txokoa antolatzeaz gain, Udalak eta Balazta elkarteak lankidetzan antolatutako hitzordu gehienak heldu den asteburuan bilduko dira.

Ostiralean, Mugikortasun Jardunaldia antolatu dute. Eta larunbatean Kasino Zaharreko Lorategietan, pedalei eraginez energia sortzeko ekimena, gazteek ikas dezaten bizikletaz segurtasun ibilbide bat eta txirrinden konponketa tailerra ere proposatuko dute. Igandean, aldiz, Irungoarekin bat egingo duen biziketa martxa ere izango da 10:30etan Gernikako Arbolatik abiatuta.  

Amute-Kostako berhiritartze plana.

Irailaren 22an, adibidez, Amute-Kosta auzo elkartean, bertako bizilagunekin partehartze prozesu bati abiada emango diote. “PMUSaren baitan aurrera eramango diren hirigintza lanei begira, bizikleta eta oinezkoei auzoan leku egiteko hirigintza proiektu berria auzotarrekin adostea egoki ikusi dugu”, esan du Kalixa Silanesek.

Agenda 21 eta Ingurumeneko zinegotziak, urteotan urratsak ematen ari direla nabarmendu du, hirigunean 30eko abiadura mugak ezarriz, Mugikortasun Mahaiarekin edota onartu berria duten Mugikortasun Araudiarekin. Mendeluko bizilagunen kasuan, aldiz, Irun-Hondarribia bidegorriz lotzeko zailtasunak aitortu ditu. “Espazio eskaxa dago bertan, eta bizikletentzako zirkulazioa disgregatzea zaila da”, dio Silanesek, “baina momentuz 30 kilometro orduko abiadurara mugatu da trafikoa joan den astean, eta lanean ari gara, garrantzitsua baita bizikletek egunerokoan segurtasunez mugitzea”.