Joan den urtean Euskal Herri mailako AEK euskaltegietan ikasle kopurua %6 apaldu bazen ere, Irungoan 220 ikasle inguru atxiki zituzten urte osoan zehar. “Urteotako gorakada etengabea gelditu bazen ere, aurreko urteko datuei eutsi genien”, nabarmendu du Beñat Alzaga euskaltegiko zuzendariak.
Euskalduntze maila guztiak eskainiko dituzte C2a barne, eta euskararekin jolastu nahi duten euskaldun zaharrentzako Hitano tailerra, edota euskararen erabilera praktikoa bultzatzeko Mintzapraktikak ere. Alzagak dioenez, “pandemiak zerbait ekarri badu, euskalduntze prozesuan diren ikasle horiek, gero kalean euskara praktikatzeko eremua txikitu zaiela izan da, elkar harremanen murriztearekin batera”. Beraz, euskaltegia bilakatu da arnasgune. Baina ikasturte honetan “neurriak errespetatuz”, baina ahal bezainbeste mintzapraktika bultzatuko dute.
Izena emateko 688 746 633 telefonora deitu edo whatsappa idatzi, irun@aek.eus posta elektronikoan edota Legia karrikako AEK Euskaltegiaren bulegoetan galdetu behar da, goizetan, astelehenetik ostiralera: 09:30etik 13:30era, eta arratsaldez 16:30etik 19:30era astelehenetik ostegunera.