Kemen dantza taldeko Adaxka hastera doa berriz. 2020ko martxoan euskal dantza ikastaroak pandemiarekin batera eten egin behar izan zituztenetik, Irun-Hondarribiko haurrek eta gazteek urte eta erdiko geldialdia pairatu behar izan dute euskal dantza ikastaroetan. Aurten, aldiz, 6 urtetik gorako haurrentzako ohiko ikastaroak antolatzeko baimena dute, pandemiari egokituak badira ere. Hondarribiko zein Irungo Txingudi ikastoletan eskainiko dituzte 6-8 urte bitartekoentzat. Eta Kemen dantza taldeak Urantzu frontoian duen egoitza berrian egingo dituzte handiagoentzat ikastaroak.
Mikel Heguy, Kemen taldeko kideak aitortu digunez, helduekin ez bezala, haurrekin pedagogia handia egin beharko dute. Urte eta erdiko hutsune baten ondotik, euskal dantzan hastapenak eginak zituztenek ere nekez lotu ahalko baitira berriz ohiko jardunera. Eta tartean hasi ez diren haur guztiak kontuan hartuta, kezka adierazi dute dantza elkartetik "belaunaldi galdu" baten aurrean ez ote garen aurkitzen.
Hala ere, giro euskalduna eskaintzen duten eskolaz kanpoko jarduera gutxi daude eskualdean. Eta dantza irrikan dagoen familia zabala da Kemen. Hala, Santomas, euskal ihauteriak, Hondarribia Dantzan edota Adaxkako 200 bat dantzariak bildu ohi dituen Amaia Kultur Zentroko urteko ekitaldiak itzuliko direlakoan daude. Belaunaldi berriek euskal dantza arnasberrituko dutelako itxaropenarekin ari dira ikasturte berria antolatzen.
Izena emateko epea zabalik dute: adaxka@kemendt.com edota 688 920 160 telefonora deitu behar da.