1936ko estatu kolpearen ondorioz Iparraldera ihesean jo behar izan zuten milaka bidasotarrak gogoan hartu dituzte asteburu honetan. 85 urte bete dira eskualdea faxisten esku erori zela. Eta omenaldi bana antolatu dute Hondarribiko Kai Zaharrean eta Behobiako zubi zaharrean ere. Atzo Kepa Ordoki Memoria Historikoa Bidasoan elkarteak antolatu zuen Behobian, bertatik Pausura ihes egin baitzuten ehunka irundarrek.
Hondarribian, aldiz, 1936ko abuztuko azken asteetan eta iraileko lehen egunetan faxisten tiro hotsak eta bonbardaketak geroz eta hurbilago zituztela, Bidasoa ibaia txalupan zeharkatu eta Hendaiara lehenik, eta frantses estatu osora gero, erbesteratuak joan ziren ehunka hondarribitarren omenezko plaka bat ezarri du zuen Udalak Kai Zaharrean.
Errekonozimendua, justizia eta erreparazioa
Gerora herrira itzuli eta bizirik dirauten Esther Alvarez Olaso “Margari” eta Maria Luixa Etxebeste omenaldian izan ziren, baita Mari Cruz Alkainen semeak ere. Haiekin hitzegin dugu. Tristura sentitu dute, baina 85 urtez isildutako gertakariak berandu baino lehen argitara ekarri behar direla uste dute.
Pedro Barruso, Kote Gebara, Koldo Ortega eta Joxerra Enparan aritu dira Hondarribian, garai haietan emandako gertakariak aztertzen. Astebeteko bisita gidatu, hitzaldi eta kaleko erakusketa antolatu dute. Baina hau lehen urratsa besterik ez da. Koldo Ortega historialariak dioenez, errekonozimendua beharrezkoa delako. Baina justizia eta erreparazioa, aldiz, nekez lor daiteke ubeldu zaharrik altxa gabe.
Irunen Memoria Historikoaren Bulegoa
Irunen, bien bitartean, adierazpen instituzionala onartu dute udal talde politikoek ere. Baina 1936ko estatu kolpearen ondorioz irundarrek bizi izan zuten erbestea eta gerla ezagutzera emateko, erakusketa eta hitzaldiak proposatzeaz gain, garai hartan gertaturikoak azalarazteko helburuarekin, irailaren 13an, Memoria Historikoaren Bulegoak ateak zabalduko ditu Irunen lehen aldiz. Testigantzak biltzeko helburua dute. Hitzordua HAZ-SAC bulegoan eska daiteke.