Pandemiaren osagarri neurriak errefuxatzen dituzten 1.500 lagun mobilizatu dira "askatasuna"ren izenean

Antxeta Irratia 2021ko ira. 6a, 00:00

Azken asteetan Iparraldeko osagarri neurrien eta COVID txertoen kontrako mugimenduak sustengatu dituen Hegoaldeko Bizitza plataformak, Euskal Herri mailako aurreneko mobilizazio handia antolatu zuen larunbatean. Irungo eta Hendaiako herriko etxeetatik abiatutako bi zutabeko manifestaldiak 1.500 lagun inguru bildu zituen Santiago Zubiaren erdian, besarkada sinboliko batekin bukatuz.

"Pandemia ukatu baino, pandemiaren aitzakipean herritarroi ukatu zaizkigun oinarrizko eskubideak aldarrikatzeko" mobilizazioa izan dela nabarmendu du plataformak. Halere, txertoak eta indarrean diren osagarri neurriak errefuxatzen dituzte. Eta agintariek pandemia bera, "askatasun kolektibo eta indibidualak zanpatuko dituen gizarte eredu berri baten tresna gisa" baliatu dutela sinisten dute. Mediku datu pertsonalak ez partekatzeko eskubidea, libre mugitzeko askatasuna edota arnasa maskarik gabe eta nahi bezala hartu ahal izatea aldarrikatzen dute.

Manifestazioan ez ziren indarrean diren neurriak bete. Maskarik ez baitzen erabili, eta jende bilkuretan gorde beharreko distantziarik ere ez zen gorde.